Urtebetean, 769 langabe gehiago Oarsoaldean
Iazko irailaren bukaeratik aurtengora langabezia tasa %8,34tik, %10,33 igo da Oarsoaldean. COVID-19aren krisiak izan du eraginik horretan.
2019ko irailaren azken egunean Oarsoaldeko lau herrietan zegoen langabeen kopurua 2.994 pertsonakoa zen. Aurtengo data berberean 3.763ra igo da Lanbiden izena emanda dutenen kopurua. Hau da, urtebetean 769 pertsonatan hazi da langabezia: tasa %8,34tik, %10,33ra igo da. COVID-19aren krisiak izan du eraginik horretan.
Hilabetez hilabeteko azken datuei erreparatuta, abuztutik irailera ez zen langabezia handitu eskualdean. Urteko zortzigarren hilabetetik bederatzigarrenera, pertsona batean txikitu egin zen langabeen zenbakia eskualdean.
Gipuzkoako datuak esku artean, Oarsoaldea herrialdean langabezia tasa txikiena duen laugarren eskualdea da. Aurretik Urola Kosta (%9,13), Urola Erdia (%9,92) eta Goierri (%9,93) ditu. Tasa handiagoa du Bidasoak, %13,39koa (Gipuzkoako altuena). Herrialdeko batez bestekoa %11,21ekoa da.