"LGTBI+Mahaia belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko tresna da"
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.

LGTBIQ+ mahaia martxan da Errenteriako Udalean. Zer suposatzen du kolektiboarentzat mahaiak?
Naroa Zabala: Niretzako mahaiak gauza asko suposatzen du. Hemen gaudenaren errekonozimendua da horietako bat. Horrekin batera, saretzeko aukera izugarria izan da, beharrezkoa genuena Errenterian; horren beharra ikusten nuen belaunaldien arteko eten handia dagoelako, garai ezberdinak bizi ditugu eta haustura zegoen gure artean, beharrezkoa zen hori gainditzea transmisioa bermatzeko. Bestalde, lanerako aukera ikaragarria suposatu du mahaiak nire ikuspegitik, eta pertsonalki arnasgune moduko bat, espazio askea gure indarguneak eta ahulguneak elkarbanatzen ditugu bertan. Batasun horrek ematen dudan indarra eta babesaren goxotasuna miazkatzeko aukera bat da mahaia.
Andoni Etxeberria: 54 urte Errenterian bizi ondoren, ni ez naiz inoiz militantzia lanetan ibili eta sentitu dut nolabait borroka indibidual batetik, borroka kolektibo batera pasa naizela mahaiarekin. Horrek zama arintzen du, eta babes eta zaintzaren bila joan naiz. Belaunaldi ezberdinekin elkartze horrek hankak lurrean jartzen dizkizu, benetan gure errealitatea zein den ezagutzeko. Hori niretzako oso aberasgarria izan da. Belaunaldi berriei erreferentzia bat eskaintzea izan daiteke gure lanetako bat.
Mikel Martin: Udalaren aitortza izatea, gure errealitate organizatiboa izatea LGTBI+ mahaia bezala, mugarria izan daiteke. Horrekin esan nahi dut udalerrian LGTBI Komunitatearen gaineko diagnostikoa egiteak lana suposatu duela eta iniziatiba horrek saria izan du, udalak bitartekoak jarri dituelako LGTBIfobia ezabatzeko martxan den plan estrategikoa betetzeko, hori ganera, modu intersekzionalean. Satisfakzioa da, ez da ezerezetik sortu, eta beraz, ia 41 urte abiatu zen borroka baten aitortza da nire ustez.