Migrazioari begira jarriko da Gaztaño, Jon Maiaren eskutik
Francoren garaiko migrazioa. Goiko auzoetatik plazara lelopean, 1960. hamarkada bueltan hasitako migrazio prozesuaz mintzatuko da Maia, etorkinen ghetto bihurtu ziren auzoak erdigunean jarrita.
Ikastaro eta hitzaldiekin osatutako egitarau oparoa eskaintzen du Gaztañoko auzo elkarteak urtero. Aurten, beste arlo guztietan bezala,COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, agenda hori eten egin behar izan zuten. Ikastaro ugari jarri dituzte jada martxan, eta orain, hitzaldien zikloari zabalduko diote bidea. Ostiralean egingo dute etenaldiaren osteko lehena, eta ez dute nolanahiko gonbidatua: Jon Maia bertsolari, idazle, gidoilari, dokumentalgile eta itzultzailea.
Francoren garaiko migrazioa. Goiko auzoetatik plazara lelopean, 1960. hamarkada bueltan hasitako migrazio prozesuaz mintzatuko da Maia: “Euskal Herrian hainbat herri eta hiritan etorkinen bizileku edo poltsa izan diren auzoak sinbolizatuta, Herriko Plazara nola heldu diren kontatuko dut, integrazioaren bidea nola izan den. Ghetto edo emigrante gune izan direnak, gaur egun bigarren belaunaldien bizigune dira, etorritako haien seme-alabak, bilobak bizi dira, asko euskaldunak dira, eta kontakizun hori egingo dut nire bizitzaren pasarteetatik eta bideetatik abiatuta”.
Ez da berria hitzaldia, antzeko planteamenduekin halako gehiago eskaini dituela dio, “baina auzo izaerara egokitu dut honakoa, eta hori berria da. Orokorragoak izan dira orain artekoak, eta orain auzoak jarriko ditut erdigunean”. Horren harira, gogora ekarri du aurretik ere izana dela mintzatzen Oreretan. Identitateez aritu zen, zehazki, Kabia espazioa eta proiektuaren barruan 2012ko irailean, Extremadurako Monfrague elkarteak, Concha Rocierak, AEK edo Mikelazulo bezalako eragileek elkarlanean antolatutako hitzaldian. Gurasoak Euskal Herrira heldu zirenera begira jarrita egingo du bidea Maiak: “Aita, baina batez ere amaren familia Zumarragara heldu zenean Etxeberri auzora joan zen bizitzera, eta bertan ia denak etorkinak ziren, bertako baserritar gutxi batzuk izan ezik. Zein Euskal Herrira iritsi ziren, nola zegoen gerra ostetik hasita, egoera kulturala, hizkuntzarena, eta baldintza horietan integrazioaren bide konplikatuaz hitz egingo dut”.
Etorkin auzoak
Oraingo migrazioarekin alderatuko du garai hartakoa, “zer ikasi dezakegun hartatik oraingoan integrazio hori beteagoa izan dadin. Auzo asko daude halakoak, Abetxuko, Txantrea, Errotxapea, Bilboko Ezkerraldea… herri guztietan daude poblado, catanga, mantxurria izenez ezagutzen direnak, casas baratas, mundo mejor. Horien historiatik abiatuta egingo dut irakurketa eta hausnarketa ostiraleko hitzaldian”.
Kabian egin zuen hitzaldiaren harira, oso harreman berezia sortu zela eragileetako batzuekin dio, “egoera beste bat zen Euskal Herrian aldaketa handiak gertatzen ari ziren, eta errezelo, estereotipo eta aurreiritzi asko genituen denok. Gogoan dut Pontikako hitzaldi hartan ehunka lagun aurkitu nituela karpa bateko agertoki horretan; rock kontzertua emateko agertokia zirudien eta nik hitzaldia egin behar nuen. Udal korporazio guztia zegoen bertan, PPtik hasi eta Bildura arte, eta hori niretzako egoera berri bat izan zen, baita han izan ziren askorentzat ere”.
Herri mugimendu anitza elkartu zela han ere nabarmendu du bertsolariak, “presoen aldeko mugimendutik, hizkuntza, elkarte kulturalak era guztietakoak batu ziren… oso berezia izan zen. Herri askotan gertatu izan zait barrera batzuk puskatzea eta gutxitan edo zapaldu gabeko eremuetan ibiltzea, etxe erregionaletan kasu. Oso berezia izaten da niretzat, nire aiton-amonen modukoa izaten delako aurrean izaten dudan jendea, eta horiekin batera bertsozaleak, euskaldunak. Perfil horiek dituzten pertsonak aurrean izanda denek entzuteko moduko hitzaldia ematea erronka izaten da beti. Are gehiago, jakinda zauri asko daudela, esperientzia ezberdinak, eta ikuspegi ezberdinak… Bakoitza nondik gatozen jakinda ez da erraza izaten hitzaldi hori publiko berri baten aurrean ematea”.
Ostiraleko hitzaldia aberasgarria izango da zalantzarik gabe, “nor garen, zer izan nahi dugun, nondik gatozen pentsatzeko eremua eta gunea eskainiko dute antolatzaileek, ahalegin hori txalogarria da. Auzo horretan bizi den jende askoren bizitzari buruz hitz egitera goaz, era batera edo bestera. Harreman berriak eraikitzeko, esperientzia partekatzeko eta hitz egiteko aukera polita izango da”.
Hitzaldia, ostiralean izango da Gaztañoko Auzo Elkartearen egoitzan, 19:00etan.