Ansorena omentzeko, eta hasierako helburuei leial heldu da Musikaste
Musika korala, garaikidea, antzinakoa eta ganbarakoa entzuteko aukera eskainiko du astebetez Musikastek, haurrei begirako jarduera didaktikoekin batera.
Jose Luis Ansorena izango da bihar hasi eta hilaren 24a arte antolatu duten Musikasteren aurtengo ekitaldiaren protagonista. Hala, Euskal musikari, Errenteria-Oreretari eta Euskal Herri osoari egindako ekarpen itzela aitortuko diote Euskal Musikaren Astearen 48. ekitaldian. Joan den urteko maiatzaren 1ean zendu zen Ansorena.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Andoni Sierra Andra Mari abesbatzaren zuzendari artistikoak, eta Peio Leiñena Eresbilen zuzendariak agerraldia egin dute gaur Euskal Musikaren Astea aurkezteko.
Leiñenak, egungo egoerak baldintzatutako Musikaste izango dela aurtengoa esan du; hura egiteko datan eragina izan du, baita programazioan ere COVID-19aren osasun larrialdiak, «tamalez errepertorio sinfoniko koralari eskainitako jardunaldia bertan behera utzi behar izan dugu». Lehen Musikastea da Leiñenarentzat; Jon Bagües aurreko zuzendariak erretiroa hartuta, pasa den ekainean hartu zuen zuzendaritza Leiñenak.
Musika korala, garaikidea, antzinakoa eta ganbarakoa entzuteko aukera eskainiko du astebetez Musikastek, haurrei begirako jarduera didaktikoekin batera. Euskal Musikaren Asteak, sorrerako helburuei eutsiko die, garai guztietako euskal konpositoreen obrak aurkeztea, antzinako musikatik, autore klasikoetara, eta gaur egungo konpositoreei garrantzia berezia emanez, “horregatik Musikastek bere lehen bi kontzertuetan musika garaikidearen panoraman finkatuta dauden hainbat konpositoreen lanez osatutako programa aurkeztuko du”.
COVID-19aren eragina
Maiatzean ospatzen badute ere, urrira atzeratu behar izan dute hitzordu garrantzitsu eta erreferentea COVID-19aren osasun larrialdiak derrigortuta; antolatzaileek, baina, agertoki berrira egokitzeko gaitasuna erakutsi dute. Hori nabarmendu du Otaegik eta eskertu Musikastek erakutsi duen “aurrera egiteko eta egokitzeko gaitasuna”.
Errenteria-Orereta Musikaren hiriburu bihurtuko duela Musikastek astebetez esan du alkateak, eta ohorea dela hori, «ohorea Musikaste gurean gertatzea, publikoarentzako tamaina honetako jaialdi bat sekulako aukera delako ikuskizun ederrez gozatzeko, baina gure ehun kulturalari ere, gure sortzaileei ere, musika programazioaren parte izateko aukera ematen dielako».
Ansorenari erreparatu dio, ezinbestean. Zor handia, Errenteriak harekin duena Otaegiren hitzetan, «egiten dizkiogun aitortza guztiek ez diote sekula itzuliko, berak guri herri gisa eman diguna». Esker mezua azkenik Otaegirena, “garai zail hauetan” ekitaldi berria posible egin duten guztiei.
Sierrak kulturarentzat garai txarrak direla nabarmendu du bere aldetik, eta eskerrak eman dizkie, Musikaste posible egiten dutenei. Eskerrak eman ditu ere, Jose Luis Ansorena Musikasteren erdigunean jartzeagatik aurtengo ekitaldian. Andra Mari abesbatzaren, Eresbil eta Musikasteren sortzaile izan zen Ansorena beste askoren artean, eta kontzertuetan bereziki gogoan izango dutela esan du. Ansorenaren ondarea «denona» dela nabarmendu du, «gustu handiz partekatuko dugu herriko beste abesbatzekin». Izan ere, Musikasteren azken eguna Jose Luis Ansorenaren omenezkoa izango da, koruen eguna, zehazki, eta bertara bilduko dira Errenteriako abesbatza denak.
Kulturarentzat garai zailak diren ideian sakondu dute Telleriak eta Iturbek, halaber; horri aurre egiteko «elkarlanaren» garrantzia nabarmendu dute, eta horretarako konpromisoa hartu. Talentua ere aipatu du Iturbek, nabarmentzeko askotan ahaztu egiten dela Euskal Herrian halako asko dagoela, “kasu honetan talentu musikala; egitarauari erreparatu baino ez dago bete-betean asmatu duzuela ikusteko”. Azkenik abesbatzei egin die keinu, “herri honen adierazle kulturala dira, Errenterian abesbatza asko dago, eta bertan kultura musikala oso sakona eta nortasun handiko espresioa dela ikusten da. Orain etorri eta gozatzea tokatzen da”.
Emanaldietarako sarrerak, Eresbilen web orrian eskuratu daitezke, baita programazioa kontsultatu ere.
Egitaraua
- Bihar, ostirala. Xare Laborategia, Niessen Kulturgunean, 20:00etan.
- Etzi, larunbata. Sigma Project, Niessen kulturgunean, 20:00etan.
- Etzidamu, igandea. Santiago Banda organistaren emanaldia Jasokunde Andra Mariaren parrokian, 10:00etan; Udal Txistulari Taldearen diana, 10:00etan; EMKE Musika Bandaren emanaldia Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian, 12:00etan.
- Hilak 22, osteguna. Jon Maia bertsolaria, Urval Ensemble eta Gorka Hermosa soinu jotzailearen emanaldia, Niessen Kulturgunean, 20:00etan.
- Hilak 23, ostirala. Khantoriaren emanaldia Madalenaren basilikan, 20:00etan.
- Hilak 24, larunbata. Koruen Eguna Jose Luis Asorenaren omenez: Karnaba Otxotea, Zaria Koru Eskolako hiru taldeak, Landarbaso abesbatza, eta Andra Mari abesbatzaren emanaldia, Fatimako andra Mariaren elizan, 20:30ean.