[Galeria] GaztEgur proiektua aurkeztu dute Albaolan
Bi ikastetxek, elkarlanean, espazio berri bat eraikiko dute faktorian. Mugaz gaindiko iniziatibak argi utzi du "itsasoak batu egiten gaituela".
Albaola Itsas Kultur Faktorian ‘GaztEgur’ proiektuaren aurkezpena egin zuten atzo goizean; zur-lanketan trebatzeko bi zentroren arteko mugaz gaindiko iniziatiba da ‘GaztEgur’, Donibane Li-LH eta les Compagnons du Tour de France d ‘Anglet ikastetxeetako 16-30 urte bitarteko ikasleek gauzatuko dutena. Euroeskualdearen laguntzarekin, ikasle horiek, euren irakasleekin batera, espazio berri bat eraikiko dute Pasaiako faktorian. Gunea anbibalentea izango dela nabarmendu dute, baina nagusiki Albaolako nazioarteko Aprendiztegi ontzigintza eskolako 20 ikasleentzako jangela izango da.
Iniziatiba aurkezteko ekitaldiari Xabier Agotek, Albaolako presidente den heinean, eman dio hasiera; bertaratu direnei eskerrak eman ostean, faktoriaren helburu nagusietako bat nabarmendu nahi izan du: «Euskal Herriko itsas ondarearen historia ezagutzera ematea». Xede horrek bidelagun anitz izateak behar berriak sortu ditu azken urteetan, haien artean, jende gehiago hartu ahal izango duen jangela zabalagoa.
Lore Suarez alkateordeak hartu du gero hitza, proiektu berritzailea goraipatuz eta esanez halako iniziatibek argi uzten dutela «itsasoak batu egiten gaituela, eta ez banandu». Eusko Jaurlaritzaren izenean Nicolas Sagarzazu, Hezkuntzako Plangintza eta Antolaketa zuzendaria, ere izan da topaketan. Zuzendariak halako plan baten parte izatea ohore bat dela gailendu du, eta Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi «berrikuntzarekin lotutako guztiari bultzada emateko». Albaolaren lana aintzat hartu nahi izan du, egungo pandemia egoeran inoiz baino garrantzitsuago dela uste baitu «galdu diren hainbat gauza berreskuratzea, eta bereziki historikoki garrantzi handia izan duten horiek».
Beste hainbat eragilek ere egin dute bat aktiboki aurkezpenarekin, euren esker onak eta zorionak helaraziz proiektuaren arduradunei, haien artean Nouvelle-Aquitaineko ordezkaria, Euroeskualdeko zuzendaria, Pasaiako Portuko David Candelariok, eta prestakuntza Angeluko nahiz Iruñeako bi prestakuntza-zentroak. Eraikuntza koordinatzen ari den Jabier Lekuona arkitektoak itxi du ekitaldia, espazio berriaren simulazioa erakusten duen bideo bat erreproduzituz:
Aurkezpena amaituta, bisita labur bat egin dute eragileek San Juan baleontziaren eraikuntza inguratuz. Albaolako zuzendariak bertaratu direnei gonbidapena egin nahi izan die 2021erako GaztEgur proiektuak eraikiko duen egurrezko espazio berria elkarrekin inauguratzeko. Lanak apirila inguruan amaitzea aurreikusi da.