Taldean sortuta, askotan hobe
Kultur transmisiorako antolatzen dute Hitzen Lihoa Oiartzunen. Aurten sorkuntza kolektiboaren gaia jorratuko dute. Horren aperitibo gisa Hizteria Kolektiboa proposamena martxan jarri dute.
Kulturaren transmisioarekin kezkatuta, oiartzuar talde bat elkartu zen 2018an. Talde horretan zeuden kideek, nola edo hala, lotura bat daukate kulturarekin, eta herrian zerbait egin behar zela erabaki zuten, transmisio hori bermatze aldera. Hitzen Lihoa izena jarri zioten handik sortu zen egitasmoari, eta lehenengo ekitaldian —urte hartako udazkenean— izena transmititu zuen egilea izan zen omendua: Xabier Lete poeta eta kantaria.
Belaunaldi gazteengana iristeko asmoaz gain, beste hanka bat zuen Hitzen Lihoak: sortzaileei plaza ematea. “Kulturaren edozein esparrutan nahi genuen zerbait egin: bertsolaritza, literatura, antzerkia, musika…”, gogora ekarri du Xabier Salaberria talde dinamizatzaileko kideak. Urtero gai bat jorratuko dute. Lehenengo urtean Lete izan zen, eta, iaz, emakume sortzaileak izan ziren. “Aurten ez da pertsona jakin bat edota genero ikuspegia landuko. 2020ko Hitzen Lihoan, sortze prozesuetan jarriko dugu fokua. Zehazki, sortze kolektiboetan”, esan du Salaberriak. Hala ere, aurreratu du Leteren omenezko zertzeladaren bat jasoko duela egitarauak, poeta eta abeslari oiartzuarra hil zela hamar urte betetzen diren honetan. Iaz, esaterako, Hitzen Lihoak proposatuta, Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketari izena aldatu zioten, eta, zehazki, Xabier Lete lehiaketa moduan izendatu.
Sortze kolektiboari buruzko ekitaldi sortari begira, ariketa kolektibo batera gonbidatu dituzte oiartzuarrak. Joan den astean abiarazi zuten Hizteria kolektiboa izeneko egitasmoa. Salaberriak aitortu duenez, Hizteria kolektiboa-ren ideia ez da berria. Konfinamendu garaian Berria-k martxan jarri zuen kultur eskaintzaren barruan, ariketa Oiartzunera —eta inguruko herrietara— zabaldu dute. Abenduko egitarauan taldeka ekoiztutako sormena jorratuko dutenez, izenondoa erantsi diote. Aipatutako egunkariak egin bezala, Hitzen Lihoa proiektukoek Txakur Gorria taldeari eskatu diote proiektua aurrera eraman dezaten. Bi bertsolari eta idazle daude talde horretan —Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka—, eta baita beste bi ilustratzaile ere —Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo—.
“Kulturak kolpe ikaragarria jaso du. Beste bat jaso aurretik gure ekarpen txikia egin nahi diogu”
Parte hartu duen bakoitzak mezu elektroniko bat bidali du, asmatutako hitz batekin (adibidez, apaizmena). Guztira 68 hitz proposamen jaso dituzte, eta talde dinamizatzailekoak pozik daude jasotako erantzunarekin.
Salaberriak azaldu duenez, “proposamena bidalitakoan, beste batek sortutako hitz bat jasoko du parte hartzaileak. Beste batek asmatu eta existitzen ez den hitz horri bere ustez izan dezakeen esanahia asmatu behar dio. Helbide berera bidali beharko dute erantzuna; horretarako, beste astebeteko epea izango dute. Hirugarren urratsa izango da asmatutako hitza eta definizioa jaso eta hori irudikatzea”.
Irudiak jaso ondoren, jasotako hitz guztiak alfabetikoki antolatu eta hiztegi moduko bat sortuko dute. Liburuxka batean bilduko dituzte sortutakoak, eta Hitzen Lihoa taldekoek eurek banatuko dituzte. “Horrela, jendeak ikusiko du egindako lanaren emaitza, eta sortze proiektuaren parte izango da; horregatik da hizteria kolektiboa. Urrats bakoitza pertsona ezberdin batek egingo du, eta hortik sortuko den emaitza berezia izango da”.
Taldearen kezketako bat belaunaldi berriei kulturaren transmisioa bermatzea denez, herriko bi ikastetxeetara eramango dute Hizteria kolektiboa. Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartuko dute. Maila batekoek hitza sortuko dute, beste batzuek definizioa, eta hirugarrenek irudikatu egingo dute. Erakusketa bat antolatuko dute horrekin, kartulinetan-eta marraztuko baitute. Hitzen Lihoak irauten duen egunetan Oiartzungo udaletxeko osoko bilkuren aretoan ikusgai egongo dela aurreratu du Salaberriak.
Kulturari ekarpena
COVID-19ak hainbat esparru gogor jo ditu, eta kulturarena ez da libratu. Salaberriak Durangoko Azokaren adibidea jarri du: “Euskal kulturaren erakusleiho handiena da azoka, eta gu saiatzen gara gure ekitaldiek datetan bat egin ez dezaten”.
Onartu du horrelako ekitaldi handi bat antolatzea oso zaila dela, baina inoiz baino beharrezkoagoa dela kultura. “Hor badago kontraesan txiki bat… Guk gure ekarpen txikia egin nahi diogu kulturari, ahal den neurrian behintzat. Kulturak kolpe izugarria hartu du, eta beste bat hartu aurretik egin nahi dugu gure ekarpena”.