AMAK taldeak Oiartzunen bukatuko du bere bira, larunbatean
Herri Musikaren Txokoak Udazkeneko Kontzertua egingo du datorren larunbatean. Trikitilari taldeaz gain, Tornaveus Kataluniako taldea arituko da.
Herri Musikaren Txokoak Udazkeneko Kontzertua antolatu du datorren larunbaterako, hilak 24. Urtaro honi dagokion kontzertuan bi talde arituko dira. Emanaldia Done Eztebe elizan izango da, 18:30ean hasita. Bost euro balio dute sarrerek, eta Kastro tabernan eros daitezke.
Alde batetik, AMAK taldea. Emakume trikitilarien taldeak iaz hasi zuen bere proiektua ezagutarazteko bira, eta Oiartzunen ere kontzertua eman zuten, Hitzen Lihoaren egitarauaren barruan. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan plaza asko egindako musikariak elkartu dira: Alaitz Telletxea oiartzuarra, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano. Bira honetako azkeneko kontzertua izango da.
Beste taldea Tornaveus da. Ahozko tradizioko musika ikertzen duten musikariz osatutako polifonia herrikoia egiten duen Kataluniako taldea da. Katalanez hitz egiten duten lurraldeetan egin dute bilketa lana.
Goizean gaztetxoei zuzendutako kontzertu didaktikoa eskainiko dute kataluniarrek Manuel Lekuona bibliotekan. 11:30ean hasiko da.