[Galeria eta bideoa] Txapeldunak!
Katerin Artola oiartzuarra eta Iker Belintxon lezoarra Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketaren irabazle izan ziren larunbatean Seguran.
Katerin Artola oiartzuarra eta Iker Belintxon lezoarra Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 44. ekitaldiaren txapeldun izan ziren larunbatean Seguran. 13 bikoteren artetik gailendu ziren, besteak baino koska bat gorago zeudela azaldu zuten. Elkarrekin dantzan bigarren urtea dute Artolak eta Belintxonek, baina bizitza osoa taula partekatzen izan balira bezala erakustaldia eman zuten Segurako Baratze pilotalekuan. Ikusgarria izan zen haien saioa.
Ohi bezala, fandango eta arin-arin bana dantzatu behar izan zituen bikote bakoitzak, Isilkara txistulari taldearen doinura lehena eta Estanga anai-arreba trikitilarienera bigarrena.
Dantzan bakarrik ez. Jantzi onenaren saria ere eskuratu zuten Oarsoaldeko dantzariek. Beraz, poza biderkatu egin zen: XX. mende hasierako argazki originaletan ikusitako jantzien erreplikak erabili zituzten, Atharratzeko eta Errenteriako soinekoetatik hartuak, hain zuzen ere.
Aipatzekoa da, aldi berean, Maren Galvez lezoarra laugarren izan zela sailkapen nagusian, Gorka Granado (Sopelakoa, parte hartu zuen bizkaitar bakarra) bikote zuela.
Udan izan diren txapelketa apurretan maiz lortu dute garaipena Artolak eta Belintxonek. Euskal Herrikorako faboritoen artean zeuden. Eta berretsi egin zuten ustea. Txapeldun dira. Euren ibilbidean orain arte lortu duten txapelketarik handiena izan da. Lan sakon eta gogorra eginez lortu duten ametsa.
Sailkapena:
- Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo), 75 puntu. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren oroigarria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren oroigarria lehen bikote gipuzkoarra izateagatik, Segurako Udalaren 800 euro eta oroigarria, zapia eta txapela, eta Aitor Ruiz de Eginok egindako eskultura. Horrez gain, dantza jantzien saria ere lortu dute.
- Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia), 70,50 puntu. 600 euro eta oroigarria.
- Maitane Irurtzun eta Gorka Duran (Aduna-Villabona), 67 puntu. 500 euro eta oroigarria. Lehen aldiz parte hartu eta ondoen sailkatu diren debutariak izateagatik, Guillermo Areizaga Saria ere jaso dute, mantala eta gerrikoa.
- Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela), 62,50 puntu. Bizkaiko Foru Aldundiaren oroigarria, lehen bikote bizkaitarra izateagatik (Sopelako udalerriaren izenean aritu dira).
- Maider Arrieta eta Jon Ander Iriondo (Azpeitia), 60 puntu.
- June Elortza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 59 puntu.
- Maitane Beobide eta Mikel Subinas (Azpeitia), 57 puntu.
- Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi), 56,50 puntu.
- Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), 51 puntu.
- Elaia Elortza eta German Aranburu (Azpeitia), 50 puntu.
- Leire Eizmendi eta Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), 46,50 puntu.
- Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia), 44,50 puntu.
- Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta (Azpeitia), 39,50 puntu.
Jarraian dagoen bideoan, sari emate ekitaldiaren zati bat, eta Artola eta Belintxonen eskertza dantzaldia (GOIERRIKO HITZAk egina):