Bueltan dira Lezoko Tipi-Topa eta +60
Bueltan dira Lezoko Tipi-Topa eta +60 egitasmoak. Batez ere adinekoei begirako programak dira, baina Lezoko Udalak denentzat izan daitezkeela nabarmendu du.
Martxotik etenda egon ondoren, bueltan dira Tipi-Topa ibilaldiak eta +60 programako jarduerak Lezon. Tipi-Topa ibilaldiak ostegunetan (hilaren 22an hasita) egingo dituzte bi txandatan (10:45ean eta 11:00etan), Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta. +60ko jarduerak asteartetan izango dira, kiroldegiko frontoian ere bai (11:00). Bi jarduerak adinekoentzako bakarrik ez, nahi duen ororentzat baliagarri dira. Hau da, intentsitate baxu-ertaineko ariketa fisikoa egin nahi dutenentzat daude prestatuak, osasunean eragiteko.
Tipi-Topan, osasun segurtasun neurriak betetze aldera bi txanda atondu dituzte, eta gainera, irteera-helmuga tokia Koldobike Gezala pilotalekura aldatu dute, espazio zabalagoa delako eta itxaroteko harmailak dituelako. Ibilaldietan izango direnek derrigor musukoa eraman beharko dute jantzita, eta saioen hasieran eta bukaeran gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira eskuak. Ura norberak eraman behar du etxetik, ez da banatuko. Saioen bukaeran ez da mokadutxorik egongo. Oinez ibiltzeko laguntzailea behar dutenek, ibilaldi osoan izan beharko dute laguntzaile hori ondoan.
+60
Adineko pertsonek askotariko ariketak egiteko egitasmoa da +60. Asteartero izango dira saioak (hilaren 27tik aurrera), 11:00etan Koldobike Gezala pilotalekua erreferentzia gune izango dutela. Hala, hileko astearte batean herriko parke osasungarrietarako irteera egingo dute; beste bi asteartetan indarra, oreka eta koordinazioa lantzeko saioak egingo dituzte; eta hileko laugarren astearteetan dantza saioak egingo dituzte.
Begiralea barne, gehienez hamabost lagunekoak izango dira taldeak. Erabiliko diren materialak nahiz ukituko diren gainazalak saioen hasieran eta bukaeran desinfektatuko dira, eta norberak bere materiala bakarrik erabiliko beharko du, elkartrukerik ez dira izango. Pertsonen arteko kontakturik ez da izango aldi berean, eta ariketak egin bitartean aukerakoa izango da muskoa jantzita eduki edo ez; ariketak egiten ez direnean bai dela derrigorrezkoa musukoa janztea. Saioen hasieran eta bukaeran gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira eskuak.
Bi egitasmo hauen informazio gehiago jasotzeko:
- Kirol Orientazio Zerbitzuaren posta elektronikora idatzi.
- Kirol Orientazio Zerbitzuko telefono zenbakira deitu (Jon): 663 228 031.