Lezoko baratze parkeko 59 partzela eskuragarri daude
Baratze parkean orain arteko erabilera lizentzia bukatuta, izen emate epe berria zabaldu du Lezoko Udalak. Azaroaren 2ra arte aurkez daitezke eskaerak.
Lezoko Udalak jakinarazi du herriko baratze parkeko 59 plazak daudela eskuragarri. Hala, horietakoren bat lortzeko asmoa dutenek jada izena emateko aukera dute: aurretik emandako sei urteko erabilera lizentziak agortu egin dira, eta horiek berritzeko garaia iritsi dela jakinarazi du udalak. Azaroaren 2ra arte eman daiteke izena. Hori egiteko eskaera inprimakia bete behar da: udalaren webgunetik eskura daiteke (gaiaren gaineko informazio askoz gehiago da lotura honetan). Eskaerak informazio bulegoan edo erregistro elektroniko bidez aurkeztu behar dira.
59 partzelak 60na metro koadrokoak dira. Eskaera egingo dutenek oinarrizko baldintza bat bete behar dute: Lezon erroldatuta egotea, eta azken hiru urteetatik herrian bizi direla ziurtatzea Lezoko Udalak eta Kutxa Ekoguneak kudeatzen dute parkea.
Behin izen emate epea amaituta, eta eskaera guztiak jasota, udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratu, eta erreklamazioak aurkezteko hamar eguneko epea zabalduko du. Hori bukatuta, behin betiko zerrenda osatuko du.
Beste baldintzak
Udalak ohartarazi du baratze parkeko erabiltzaile izan nahi dutenek beste hainbat baldintza bete behar dituztela. Behekoa da horien zerrenda:
- Aisialdiko baratze ekologikoan nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko gaitasun fisikoa izatea.
- Adingabeen eskaerak aitaren, amaren edo tutorearen bermearekin batera aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da arduraduna arautegi honen ondorioetarako.
- Lezoko Udalarekiko zerga betebeharren eta bestelakoen ordainketa eguneratuta izatea.
- Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den familia unitate bateko kide ez izatea.
- Eskatzaileak zein familia unitateko kideetako inork Lezon ez izatea nekazaritza jardueretarako balio duen landa lurrik, ez jabetzan, ez usufruktuan, ez errentan.
- Aisialdiko baratze ekologikoak eduki izan dituenean, arautegi honetan jasotakoa ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.