Lezoko PSE-EEk udalari eskatu dio indarkeria matxistaren aurka aurrerapauso bat eman dezan
Alderdi sozialistak udalari eskatuko dio publikoki ager dadin akusatzaile gisa, genero indarkeriarekin lotutako prozedura juridikoren batek lezoar emakumeei eragiten dienean.
Lezoko PSE-EEk udaletxean mozio bat aurkeztu du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta, hurrengo udalbatzarrean eztabaidatu eta onar dadin. Dokumentu hartan, talde sozialistak Lezoko Udalari eskatu dio publikoki ager dadin akusatzaile gisa Gipuzkoako Auzitegietan, genero indarkeriarekin lotutako prozedura juridikoren batek lezoar emakumeei eragiten dien kasuetan.
Joxean Sanchez, PSE-EEko bozeramaileak, adierazi nahi izan du “momentua dela aurrerapauso bat emateko biktimen alde, haiek udalerriko bizilagunen babesa senti dezaten”. Mozio honek funtzio bikoitza betetzen duela iragarri du: “Batetik, emakumeen bizitza defendatzea, eta, bestetik, mezu sozial argia eta irmoa bidaltzea indarkeria matxistaren aurka, eta horren biktimen babesean”.
Horrez gain, Sanchezek nabarmendu nahi izan du osasun krisiak, baita Lezon ere, genero indarkeriaren arriskua areagotu duela, emakume asko egonik bereziki zaurgarriak diren egoeretan. Ildo horretan, Koronabirusa emakumeen autonomia ekonomikoan izaten ari den eragina aztertzea eta genero ikuspegia enplegu galerari aurre egiteko neurrien barne hartzea proposatu du. Mozioari amaiera eman dio lezoarrei dei eginez A25arekin lotuta antolatzen diren mobilizazioekin bat egin dezaten.