Oiartzungo gaztetxoek Kuadrillategin izena eman dezakete
Euskarazko aisia egitasmoan parte hartzeko aukera egongo da aurten ere, neurri bereziekin. Ttur-tturreko hezitzaileek dinamizatuko dute.
DBH 1 eta 2 mailetan ikasten ari diren oiartzuarrek Kuadrillategi euskarazko aisia egitasmoan parte har dezakete. Oiartzunen erroldatuta daudenek edo bertako hezkuntza zentro batean matrikulatuta daudenek eman dezakete izena.
Beste hainbat esparrutan bezala, COVID-19ak eragina izango du Kuadrillategiren ohiko funtzionamenduan. Segurtasun neurriak hartuko dituztela iragarri dute, eta unean uneko egoerara moldatuko dira.
Izena emateko azkeneko eguna hilaren 30ean izango da. Aurten online egin beharko da izen ematea, www.oarsoarrak.eus webgunetik (honakoa da galdetegia).
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko hezitzaileek dinamizatuko dute 2020/2021 ikasturtea. Datozen egunetan azalduko dituzte Kuadrillategiren xehetasunak Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Institutuan.
Zalantzak dituenak, hiru bide izango ditu horiek argitzeko: e-posta bidez, Kuadrillategiren blogean edo 686 96 69 42 telefono zenbakira deituta.