Antxo da Pasaiako COVID-19 datuak hazarazten dituen barrutia
Udalak ez du oraindik aparteko neurririk hartu, Urkulluren erabakien zain dago. Emergentziazko batzordeak iragarri du ez dagoela fokurik tabernetan, kutsatze gehienak etxeetan gertatzen baitira.
Pasaiako emergentziazko batzordea atzo bildu zen udalerriaren egoerari buruz hitz egiteko, izan ere, Lezorekin batera, Pasaia da Oarsoaldeko herrien artean eremu gorrian dagoenetako bat, kutsatze gehienek Antxon izanik jatorria. Izaskun Gomez alkateak taldekideak deitu zituen udaletxean biltzera, egoeraren jarraipena elkarrekin egin ahal izateko. Oraingoz Pasaiako Udalak ez du aparteko neurririk hartuko herrian, bihar Iñigo Urkullu lehendakariak 18:00etan egingo duen agerraldian iragarriko dituen neurrien zain daude.
Gomezek nabarmendu du Antxo dela Pasaiako datu orokorrak hazarazten dituen barrutia, osasun eremu hartan atzeman baitira kasu gehienak azken aldian. Jatorriari dagokionez, alkateak argi utzi nahi izan du kutsatzeen portzentai altu bat familiartean gertatzen dela, etxeetan egin ohi diren ospakizun eta bestelako bilkuretan; ez dago, hortaz, kasuak ostalaritzarekin edota azken aldian antolatutako kultura jardunaldiekin zuzenean lotzen dituen ebidentziarik.
Pasaiako Udalak bereziki nabarmendu nahi izan du oraindik ez duela udal gobernuak neurri berezirik hartu egoeraren aurrean, Twitterreko txio baten bitartez azken egunetan zabaldu den hainbat zurrumurru gezurtatuz: “Sare sozialetan COVID-19a geldiarazteko ustezko neurri batzuk zabaldu dira, eta ez dira konturatu ageri den lotura martxoaren 12an argitaratutako berri bati dagokiola. Oraingoz, Udalak ez du bestelako neurririk hartu, Gobernuak eta osasun-agintariek ezarritakoez gain”.
Honakoak dira Pasaiako datuak, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko tasa kontuan hartuta. 500dik gorakoa bada datua, Osasun Sailak eremu gorrian sartzen du zonaldea, hau da, larritasun handiko egoeran.
- Antxoko osasun eremua: 869,31.
- San Pedro-Trintxerpeko osasun eremua: 442,89.
- Lezo-Donibaneko osasun eremua: 643,45.
- Pasaiako tasa orokorra: 580,46.
- Gipuzkoako tasa orokorra: 533,61.