Azken bi bisita gidatuak egingo dituzte Pasaiako lonjan
Azken bi jardunaldiak hilaren 22an eta 29an izango dira. Baxurako arrantzaren nondik norakoak azaldu eta lanbidearen berri emango dute.
Itsas Etxea kofradiak guztira bost bisita gidatu (elebitan) antolatu ditu Ondarearen Europako jardunaldien barne, hilaren lehen ostegunean hasi eta datorren astean amaituko direnak. Azken bi jardunak bihar (hilak 22) eta datorren asteko ostegunean (hilak 29) izango dira, biak ala biak 5:45ean Pasaiako lonjan hasiaz.
Iniziatibaren helburua baxurako arrantzaren berri ematea nahiz gazteei lanbidea aurkeztea da. Nahiz eta azken urteotan arrantza mota hau nabarmen murriztu den, oraindik badira Bizkaia nahiz Gipuzkoan arrantzontzi profesionalak. Komentatutako bisitetan arrainak egiten duen bidea azalduko dute, arrantzaleen eskuetatik lonjara heltzen den arte; lanerako erabiltzen diren aparailuen funtzionamenduaren berri ere emango da.
Jardunaldien prezioa 8 eurokoa da, eta parte hartzeko aurretik izena eman beharko dute interesdunek 943 05 07 64 telefono zenbakira deituz edota helbide elektroniko bidez.