COVID-19an 500eko tasa gainditzen duten udalerrietan neurri "fokalizatu eta kirurgiko" berriak ezartzea aztertuko dute
Biharko deitu du Euskadiko Babes Zibileko aholku batzordearen bilera Iñigo Urkullu lehendakariak. Lezo eta Pasaia daude arriskuko udalerrien artean.
Bihar bilduko da LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea. 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan (eremu gorrian daude, Osasun Sailak ezarritako mailakatzearen arabera) zein neurri ezarri aztertuko dute bertan besteak beste, koronabirus kasuen gorakada medio. Oarsoaldean, Pasaiak eta Lezok betetzen dituzte baldintza horiek momentuz.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur jakinarazi du udalerri horietan birusaren zabalpena saihesteko neurri “fokalizatu eta kirurgiko” berriak aztertuko dituztela. Horien berri bihar (osteguna) 18:00etan egingo den agerraldian emango dute.
Gipuzkoan 18 dira eremu gorrian dauden udalerriak. Hau da: azken 14 egunetan 100.000 biztanleko kutsatze tasa 500dik gorakoa da herriotan. Horien artean daude, une honetan, Pasaia eta Lezo. “Hausnarketa horretan ari gara, eta bihar arratsaldean modu partekatuan heldu nahi diogu LABIren bileran”, esan du lehendakariak.