"Hitzen injustizia, kontzeptu matxista eta misoginoak ezabatu behar dira"
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Asko aurreratu den zalantzarik ez da: LGTBI+ Mahia, ortzadar zebrabidea, Madelon sariak… Oraindik ere, ordea, LGTBIfobia ematen da. Hala jaso zuen Enara Larrain ikerlari errenteriarrak egin zuen tesian, eta fokua ikastetxeetan jarri zuen. Zein irakurketa egiten duzue?
Mikel Martin: Historia kontatzerakoan presente egon behar dugu lesbianek, transexualek, homosexualek… Lorcatik harago. Genero klabeak zentzua dute orden diskriminatotroan, botere klabeetan eta horiekin amaitu behar da. Agian gehiago hitz egin behar da artikulu neutroetan, bakoitzak identifikatzeko nahi duenarekin.
Andoni Etxeberria: Euskararekin abantaila dugu, generorik ez daukagulako.
Mikel Martin: Hori eraman hezkuntzara. Orekatu behar da edozein pertsona historikoa, politikoa. Hori eskola kontseiluak, hezitzaileek, sindikatuekin egin behar da… Hitzen diskriminazioa ezabatu behar da, hitzen injustizia, kontzeptu matxista eta misoginoak ezabatu behar dira. Hizkuntza berriak artikulatu behar dira, ikusezinari hitzak jarri behar zaizkio, eta gure errealitatea agerian jarri.
Naroa Zabala: Ikastetxeetara jota curriculumean ere LGTBI errealitatea barneratzea ezinbestekoa da. Ez da historia ezagutzen, ez gaur egungo egoera, ez dago erreferenterik… hutsune handiak daude eta curriculumak anitzak behar du izan, bertan ikasten dugun pertsonak anitzak garen moduan. Ez dago egokitua eta hutsune horiek bete arte ezinezkoa da. Hezkuntza da dugun arma boteretsuena, ezinbestekoa, oso garrantzitsua eta hortik hasi behar gara. Ezberdintasunak aberasten gaitu, horrek egiten gaitu berezi eta bakarrak, zergatik ikusi bada orduan, zerbait txarra balitz bezala.
Andoni Etxeberria: Badugu Errenterian eskubaloi talde oso famatua eta inongo eskrupulorik gabe edonork esaten du bertan ari diren jokalari guztiak lesbianak direla. Despektiboki. Hitz egiten da oso lasai. Nire kuadrillako batzuen alaba ari da jokatzen eta harmailetan nintzela entzun nituen halako komentarioak; gehiago ez joatea erabaki nuen. Gurasoen artean aritzen dira. Hori normala da? Hezitzaileak astindu behar ditugu, beraiek ere balioetan hazi behar dituzte haur eta gazteak, eta balio horien artean identitate eta genero aniztasuna ere kokatu behar da. Ezin dira onartu halako jokaerak.
Naroa Zabala: Prestakuntza falta da. Jendeak ezjakintasun horretatik ez daki gaia nola tratatu eta hor lan ikaragarria dugu, profesional ezberdinak prestatu behar ditugu gaiaren inguruan.
Andoni Etxeberria: Futbolean haurrak mutilak jokatzen dutenean, putasemea, nenaza eta marikoi hitzak entzuten dira. Hori nola moztu? Hezitzaileak eta gurasoak dira gakoa.
Naroa Zabala: Hezurretaraino sartuta dago, futbolean ari bazara bollera zara eta hori horrela da. Nik bizi dut hori, eta nire kasuan hala da, lesbiana naiz, baina txikitatik hasten den zerbait da, jostailuetatik.
Mikel Martin: Eta talde batean jokalari guztiak lesbianak balira, non legoke arazoa? Arazoa aurreiritziak dituenak ditu, berak aztertu behar du zergatik duen arazoa eta irtenbide bat eman. Guk aholkua ematea diogu, erraz: Bizi eta utzi bizitzen.