Lezoko Udala: "Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da lasaitasuna mantendu eta Osasun Sailak agindutako neurriak jarraitzea"
Lezoko Udala arduratuta dago COVID-19a herrian izaten ari den bilakaeragatik. Herritarrei zuhurtziaz eta arduraz joka dezatela eskatu die.
Lezoko Udalak dei egin die herritarrei, COVID-19 kasuek herrian izan duten gorakadaren aurrean, Osasun Sailak agindutako neurriak bete ditzatela. “Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da lasaitasuna mantendu eta Osasun Sailak agindutako neurriak jarraitzea”.
Herria azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasan 500dik gorako zifretan dago (atzoko datua da), Gipuzkoako beste hamazazpi herri bezala. “Herritarren erantzukizun kolektibo eta indibiduala” eskatu du, beraz, udalak: “Zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko dei egiten diegu lezoarrei”. Herria “momentu gogorrak” bizitzen ari dela adierazi du udal erakundeak.
Besteak beste, musukoa beti jantzita izatearen eta pertsonen arteko distantzia mantentzearen beharra nabarmendu du udalak, “horretarako bilera sozialak edota familia elkartzeak ahal den neurrian ekidinez”. Koronabirusak batez ere azken asteetan sortu duen egoeratik irteteko norberaren burua zaintzea dela modurik onena azaldu du udalak, “horrela lortuko dugu egoera honetatik ahalik eta azkarren irteteta”.