"Aniztasun afektibo sexualaren negazionistak konbatituko ditugu"
Errenteriaren 700 urteurrenaren harira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean elkarrizketa sorta egiten ari da HITZA. Honakoa, LGTBI+ Mahaiko Andoni Etxeberria, Naroa Zabala eta Mikel Martini egindako elkarrizketa da, galderaz galdera hamar egunez HITZA-k zabalduko duena, osorik. LGTBI+ kolektiboaren errealitateaz, LGTBIfobiaz, sustatu beharreko politikez, eta parekidetasunaz mintzo dira, besteak beste.
Aske sentitzen zaretela Errenterian esango zenukete, zuen identitate eta orientazio sexuala lasai bizitzeko aukera duzue?
Andoni Etxeberria: Ni ausartuko nintzateke esaten pribilegiatua sentitzen naizela. LGTBI kolektiboko kideekin berdintasun osoa dut, baina nik 54 urte ditut, familia ezaguneko kidea naiz, euskaldun peto-petoa naiz eta babesten nauen ingurune bat daukat, beraz, zarena zarenez, onartua zaude, besteen begietara daukadan ‘akatsa’ da homosexuala naizela. Gauza ezberdin asko egin ditut, aita monoparentala naiz, seme bat adoptatu dut nik bakarrik, betidanik jakin dute gaya naizela eta itxuraz , azaletik, onartu egin naute. Plumafobia ez dut bizi, luma gehiegirik ez dudalako edo ez dudalako, eta baimena gehiago ematen didate hobeto bizitzeko herri honetan; onartua naizenik ez dakit esan dezakedan.
Naroa Zabala: Beti duzu beldur hori, emakume izanagatik dugun bera eta gizonek ulertzen ez dutena. Azkenean zuk sentitzen duzun zerbait da, emakume izateak suposatzen duen bera, baina nola azaldu zein zama suposatzen duen horrek, etxera joateko beldur hori… Askatasun eza hori ikaragarria da, askotan egiten duzu topo errealitate gordin horrekin. Beldur antzeko bat da, zerekin topatuko zaren beldurra. Gertukoekin babestuta, onartua sentitzen naiz, maite zaituen jendea delako, baina hortik kanpo beti duzu alarma txiki hori piztuta. Erabateko askatasuna inondik inora ere ez dut sentitzen, nik ez dut askatasunez bizi, zoritxarrez.
Mikel Martin: Ez da gauza bera egungo errealitatea edo duela 50 urtekoa bizitzea. Garai artean murmurikatzen zuten, ‘begira hor dagoen hori marikoia da’. Errepikatzen da errealitate hori, baina gaur egun badago zer edozer ezberdina, halakoak entzundakoak jende ugarik erantzun egiten du, ‘eta zuri zer axola marikoia izatea, ez zara konturatzen zure eskubide berak dituela, bizitzeko eskubidea duela, eta ez duzula epaitu behar?’. Erantzun horiek ez ditu LGTBI kolektiboak bakarrik ematen, hortik kanpoko jendeak ere eta nik hori sustatu behar dut, lasai bizi nahi dudalako egunaren 24 orduak, bere goiz eta gauetan, eguerdi eta arratsaldetan… ez ni bakarrik, ilobak ditut eta ez dut nahi inork kaltetzea bere toxikotasunarekin, zoriontsu izatea nahi dut, nahi duten bezala espresa daitezela… Erreprimituta bizi garenok ez dugu onartuko inork esatea gazte horiei zer egin behar duten eta nondik eta nola; aniztasun afektibo sexualaren negazionistak konbatituko ditut, nire sexualitatea edo generoa edo afektibitatea erasotzen dutenei aurre egingo diet. Lasaitasunez bizi dut, baina urduritasun nahikoarekin erasoak saihestu eta aurre egin behar diedanean egiteko, irabazle izateko. Erasorik ez erantzunik gabe.