Energia berriztagarria kontsumituko dute Orereta eta Oiartzo ikastolek
Erabakia "aurrerapauso kualitatiboa" dela esan dute bi ikastoletako arduradunek; aurrerantzean kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izango da.
Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiboaren aldeko hautua egin dute Orereta eta Oiartzo ikastolek, beren izaera eta filosofiarekin bat eginez azaldu duten bezala, eta Goienerrekin hitzarmena sinatu dute. Erabakia “aurrerapauso kualitatiboa” dela esan dute bi ikastoletako arduradunek; aurrerantzean kontsumitzen duten energia %100 berriztagarria izango da.
Goinenerren helburu behinena gaur egungo eredu energetikoa aldatzea da, besteak beste, Euskal Herri osoan barrena energia berriztagarriko instalazio txiki eta sakabanatuak bultzatuta, “tokian tokiko ekoizpena lagundu nahi da, eta oinarrizko ondasun bihurtu den energia demokratizatu hura kontrolatzen duen oligopolioaren aurrean alternatiba bat eskainiz, eta garapen ekonomikoa bultzatuz. Finean, subiranotasun energetikoa berreskuratzea da helburua”.
Ikastola bezala, irabazi asmorik gabeko kooperatiba dela Goiener zehaztu dute Orereta eta Oiartzo ikastoletako arduradunek, “elektrizitatea merkaturatuz lortzen diren etekinak kooperatibara itzultzen dira berriz, eta bazkideek erabakitzen dute zertara bideratu diru hori. Era berean, bazkideek argindar sorkuntzarako proiektu berrietan inberti dezakete, eta horietatik ateratzen den etekinak kooperatibako kideek duten argindar eskaria osatzen laguntzen du”.