Pasaia eta Lezo: bertatik ez sartu ez irtetea aholkatu du Jaurlaritzak
Zonalde gorrietan hartu beharreko neurrien berri eman du Osasun sailburuak. Taldeko edozein kirol jarduera bertan behera geldituko da bihartik aurrera eta establezimenduek 21:00etatik 8:00ak arte itxi beharko dute.
Aholkularitza Batzordea gaur arratsaldean bildu da, zonalde gorrian dauden udalerrietan (haien artean Lezo eta Pasaia) hartu beharreko neurriak aztertzeko, besteak beste. Bilkuran horretan, egunera arte ezarritako erabakien eraginkortasuna aztertu eta zonalde gorrietan espresuki martxan jarri beharko diren neurri murriztaileez mintzatu dira. Bihar argitaratu eta indarrean jarriko diren neurrien berri emateko agerraldia egin du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, alde batetik gomendio orokorrak emanez, eta bestetik legez ezarritako neurriak azalduz:
Gomendio orokorrak:
- Gorriz markatutako herrietatik ez sartu eta ez irtetea, osasun zentroetara egindako joan-etorrietarako izan ezik, baita lan arrazoiengatik, ikastetxeetara joateko, ohiko bizilekura itzuli ahal izateko, mendeko pertsonei laguntza eskaini ahal izateko, edota ezinbestekoak diren bidaiak gauzatzeko.
- Gizarte topaketak etxebizitzako ohiko taldeari mugatzea, baita jende gehiagoren elkartzea eskatzen duen beste edozein jarduera ere, ahal dela, bizikidetzako talde orokorrera murriztea. Ezinbestekoa ez den edozein gizarte topaketa bertan behera uztea ere gomendatu dute.
Neurri orokorrak:
- Bertan behera gelditzen da taldeko edozein kirol jarduera, instalazio itxi zein irekietan. Kirola soilik bakarka egin ahal izango da. Salbuetsita daude neurri honetatik abian diren “konpetizio ofizialak”, Osasun Sailak esan duenez.
- Udalek haur parkeen, parke publikoen eta terrazen erabilera mugatuko dute, 21:00etatik goizeko 8:00etara, pertsonak bertatik igarotzeko izan ezik.
- Debekatuta dago gaueko 21:00etatik goizeko 8:00ak bitartean alkohola saltzea merkataritza establezimenduetan.
- Establezimendu guztiek 21:00etan itxi beharko dute, gehienez, merkataritza establezimendu, elikagai denda, farmazia eta gasolindegiak zan ezik.
- Debekatuta dago barran kontsumitzea. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan mahaian eta eserita egon beharko da. Hauek ere, beranduez, gaueko 21:00etan itxi beharko dute egunero, jaiegunak barne. Irekiera ordua 06:00etan jarri diete ostalaritza guneei.
- Debekatuta dago zutik egin beharreko edozein jatetxe jarduera, besteak beste, koktelak eta antzekoak.
Sagarduik argitu du dokumentuak eranskin bat duela non neurri hauek hartu beharreko udalerriak zehazten diren. Azken orri hau aldatuz eta eguneratuz joango da egunero COVID-19ak daukan eboluzioaren baitan. Etxeratze-aginduari dagokionez, argi utzi du Aholkularitza Batzordeak ez duela neurri hori aztertu ezta, oraingoz behintzat, indarrean jarriko ere.
Amaitzeko, “erantzukizun indibidual eta kolektiboa” eskatu du sailburuak, nabarmenduz osasun neurriak bete behar direla egoerak hobera egin dezan: distantzia soziala, maskararen erabilera, eskuak maiz garbitzea, leku itxiak aireztatzea… “Denon artean Koronabirusa garaituko dugu”, gehitu du.
Irizpideak eta datuak
Egoera bereziki larria da Pasaian eta Lezon: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako neurgailuaren arabera, zonalde gorrian daude bi udalerriak; hau da, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko infektatuen tasa kontuan hartuta, 500dik gorako eremuan daude aste hasieratik.
Azken 14 egunetan, 100.000 biztanleko atzeman diren kutsatze-tasak dira honakoak, herrika eta osasun eremuka (asteazkeneko datuak dira, hilaren 21ekoak). Parentesi artean, hilaren 14ko tasak (astebete lehenagokoak):
- Datuak:
- Herrika
Lezo. 737,46 (hilaren 14an, 311,37).
Pasaia. 556,52 (hilaren 14an, 335,11).
Errenteria-Orereta. 430,98
(hilaren 14an, 323,86).
Irun. 407,35 (hilaren 14an, 283,81).
Oiartzun. 376,78
(hilaren 14an, 164,24).
Hondarribia. 330,64
(hilaren 14an, 218,46).
- Osasun eremuka
Antxo. 869,31
(hilaren 14an, 471,49).
Lezo-Donibane. 655,66
(hilaren 14an, 292,71).
Beraun-Errenteria. 438,74
(hilaren 14an, 301,22).
Trintxerpe-San Pedro. 414,62
(hilaren 14an, 282,70).
Iztieta-Errenteria. 402,30
(hilaren 14an, 318,01).
Irungo-erdialdea. 387,49
(hilaren 14an, 267,86).
Oiartzun. 351,21
(hilaren 14an, 151,87).
Irun-Dunboa. 327,92
(hilaren 14an, 215,30).
Hondarribia. 312,92
(hilaren 14an, 212,34).
- Herrika