Altzaterako antolamendu bizigarriagoa blindatu du udalak
Altzate antolatzeko proposamen berria aurkeztu du Errenteriako Udalak gaur.
Altzate antolatzeko proposamen berria aurkeztu du Errenteriako Udalak gaur. Proposatutakoa herritarrentzako antolamendu atseginagoa eta Iztieta-Ondartxorekin hobe integratutakoa da, eremu berde zabalagoa izango du, eta Oiartzun ibaiaren aldameneko espazio librea zabalduko du. Aizpea Otaegi alkateak, Eneko Del Amo Hirigintza zinegotziak eta Maite Gartzia zinegotziak agerraldia egin dute gaur goizean Altzateren antolaketa berriaren gaineko xehetasun guztiak emateko.
2007az geroztik dago Altzate eremurako antolamendua, baina egun onartua eta indarrean dagoen arren, ez da garatu. 2015ean, antolamendua onartua zuten Errenteria-Oreretako hainbat eremu aztertu zituen udalak, tartean Altzaterena. Azterketa hori oinarri hartuta, antolamendua hobetzeari ekin zion udalak Otaegik esan duenez: “Herritarrek gozatzeko espazio libreak eskuratzeko, iraunkortasun irizpideak txertatzeko, eta Iztieta-Ondartxo auzoarekin sinergiak maximizatzeko”. Horrela heldu da udala egungo planteamendura: “Antolamendu atseginagoa izateaz gainera, Iztieta-Ondartxorekin hobe integratua dago. 2007az geroztik indarrean dagoen plangintzak Oiartzun ibaiaren ertzean etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du, ibaiaren gaineko pantaila efektua suposatzen du, eta Iztieta-Ondartxoren ikuspegia oztopatzen du”.
Proposamen berriak, antolamendu “bizigarriagoa” eta “iraunkorragoa” suposatzen du, eraikitako azalera 2.900 metro koadro murriztu dituelako; eremu hori, eremu berde eta plazetara bideratu ditu proposamen berrian udalak, eraikinak euren artean banatuta modu orekatuan eta paisaiaren ikuspegitik modu iragazkorragoan.
Ibaiaren aldameneko pasealekuaren azalera zabaldu du ordenamendu berriak, bestalde, “protagonismoa emanda uraren espazioari. Hondartza berde bat egongo da ibaiaz gozatu eta harekin kontaktua ahalbidetuko duena”. Bide batez, Oiartzun ibaiaren paisaiaren ekintza planean aurreikusitako ekintzei erantzungo die aktuazioak.
Orekatuagoa den plangintza bat proposatzen duela antolamendu berriak gaineratu du alkateak: “Pertsonak erdigunean jarrita, eta etorkizuneko garapenak sinergia positiboak sor diezazkion, Errenteriaren hiri sarean zentraltasun handiagoa emateko Iztieta-Ondartxori”. Ibaiaren bi ertzetako harremanaren ikuspegitik asko irabazi dela planteamendu berriarekin sinistuta azaldu da Otaegi.
Antolamendu berriaren proposamenak, aurreko antolamendua, 2007az geroztik indarrean dagoena balio gabe utziko du, eta beraz, antolamendu iraunkorragoa eta atseginagoa blindatu du udalak Altzateko eremurako.
Bilerak Iztieta-Ondartxoko bizilagunekin
Antolamendu berriaren proposamena osatzeko garaian, aintzat hartu ditu udalak Iztieta-Ondartxoko eragileen ekarpen eta iritziak: “Sozializazio logika horretan datozen bi asteetan erakusketa egingo da Iztieta auzoan herriko bizilagunek proposatzen den antolamendu berriko informazioa eskura izan dezaten. Tramitazioa hasi aurretik informazioa herritarren eskura jartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu”. Erakusketa asteburu honetan eta hurrengoan jarriko dute informazio panelen bidez Diputazio plazan, goizetan.
Antolaketa berria datozen egunetan tramitatuko du udalak, “azaroa hasieran publiko egingo dugu informazioa eta alegazioen txanda helduko da. Prozesu luzea izango da”.
Antolamendu berria zehatz
- Etxebizitza kopurua: 150 (279 guztira, eremuaren zati bat Lezorena dela kontuan hartuta)
- Babes Ofizialeko etxcebizitzak: %20
- Aparkalekuak: 144 plaza.
- Udal ekipamendu bat ibai aldean.
- Hondartza berde bat.