«Kulturak komunitatea sortzen du arraza eta ideologietatik harago»
Kulturari estrategikoa iritzi dio Errenteriako Udalak azken urteetan, eta politiken erdigunean jarri du. Errenteriaren 700 urteko ibilbidean, orainean eta etorkizunean garrantzi biziko sektorea izango da.
Kulturari estrategikoa iritzi dio Errenteriako Udalak azken urteetan, eta politiken erdigunean jarri du. Errenteriaren 700 urteko ibilbidean, orainean eta etorkizunean garrantzi biziko sektorea izango da.
Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Erabaki, oso berandu egin nuen, nahiz eta txikitatik oso argi zegoen. Batzuetan gure bizitzan atzerako begirada egiten dugunean, harritzen gara lehenagotik konturatu ez izanagatik. Botere hartze prozesua izan zen, oso garbi zegoen txikitatik arteak eta antzerkia asko maite nituela, baina kazetaritzaren bidea hartu nuen; gerora desbideraketa bezala ikusi dut. Egia da komunean gauza asko dituztela nire ustez, mundua ezagutzeko irrika, kuriositatea dira biak.
Kazetaritzarenak normalagoa ematen zuen, nire buruari permititzea nion, baina esatea ‘nik aktore izan nahi dut’ gehiegitxo ez ote zen sentitzen nuen. Hain handia iruditzen zitzaidan, hainbeste miresten nituen antzezleak, ez niola nire buruari permititu esatea, oso berandu arte, aktore izan naitekeela.
Oso berandu diozunean, zein adinaz ari zara?
27 urterekin modu ofizialean erabaki nuen. Egia da, beti paraleloki egin nuela; nire lanbidea kazetaritza zen, baina beti alboan zegoen antzerkia. 14 urterekin hasi nintzen antzerkian Niessenen zegoen antzerki eskolan. Etengabe ikasi dut antzerkia eta eduki ditut proiektu sortzaileak, ez bakarrik Dejabu Panpin Laborategia. Mikelazulo zabaldu zenean 17 urte nituen, eta hor ere bide luzea egin genuen. Ahaldundu, 27 urterekin egin nintzen. Kazetaritzarekin nahiko nazkatuta eta desilusionatuta nengoen,eta ikusi nuen beka bat bazegoela kanpora ateratzeko antzerkigintza ikastera, eta hori izan zen atea.
2001ean sortu zenuten Dejabu Panpin Laborategia. Hamabost antzezlan, Zaldi urdina azkena. Nolakoa izan da esperientzia?
Urko Redondorekin batera sortzaile izan nintzen, eta gerora batu zen Miren Alcala. Esperientzia liluragarria izan da. Guretzako Dejabu beti izan da munduan egoteko modu bat, irla baten modukoa, gure kontuekin, gure istorioekin, gure mundua begiratzeko leihoa, toki babestu bat, eta era berean mundua begiratzeko askatasuna ematen diguna, munduari buruz ditugun mila gogoeta filosofiko, kezka, plazaratzeko lekua ematen diguna; beti izan da oso toki seguru eta maitasun handikoa.
Konpainia bezala egia da oso une gogorrak bizi izan ditugula. Finantzazioa izan da gakoetako bat, ez dugulako lortu benetan autogestionatzea eta gure lanbide izatea duela ez hainbestera arte; 20 urte daramagu lanean, baina azkeneko bost urtean lortu dugu lanbidea izatea. Traba asko izan ditu bidean maila horretan, ez bakarrik ekonomikoak, antzerki konpainia guk planteatzen dugun moduan ez da erraza aurrera ateratzea. Konpainia izaera du, ez da produktuak ateratzera mugatzen den produktora, baizik eta gizartean txertatuago dagoen proiektu bat, bere ikuspegiarekin, lengoaia garatzen doana, gogoetak egiten dituena… Abentura bat izan da.
Urko Redondo bikotekidearekin partekatzen duzu oholtza. Zaila da pertsonala eta profesionala bereiztea?
Guretzako opari bat izan da beti, eta oso modu naturalean bizitu dugu, hasieratik ikusi genuen konpartitzen genituela sentsibilitate oso parekoak, eta elkarrekin ikasi dugu gainera.
Hasieran ez genekien ezer, duela 20 urte txotxongiloekin hasi ginen, panpina bat egin eta nola hitz egiten zuten lantzen… hain naif eta inozentea zen, hunkitu egiten nauela. Horrela hasi ginen gu, eta beti elkarrekin. Gerora profesionalizazioa, ikasketak atzerrian biok egin genituen, oso parekoa izan da bidea, eta alde horretatik oso aberasgarria eta ikaragarria. Izan ditugu ere bestelako momentuak; bikote izatea, lankidea, eta familia proiektu bat izatea elkarrekin… Kuestionatu izan dugu ez ote den gehiegi pertsona bati eskatzeko. Saiatzen gara etxera lana ez eramaten, are gehiago orain haurra daukagula, eta beste energia batekin iristen garela etxera. Oso ondo eramaten dugula uste dut, eta bereizten dakigula pertsona-bikotea, eta pertsona-lankidea.
2010ean aktore onenaren saria jaso zenuen Gizona ez da txoria antzezlanarekin. Zer suposatu zuen horrek?
Sariena beti da oso kuriosoa. Ikasi egin behar da jasotzen, jakin egin behar da pertsona batek aitortza hori egin nahi dizunean jasotzen, eta eskerrik asko esaten. Beti pozgarria da norbaitek esatea ‘ez zara hain gaizki egiten ari’; indarra ematen dizu ilusioz jarraitzeko eta esateko, ‘egiten dudanak badauka zentzua’.
Lan horrek zuzendaritza onenari saria eta sortzaile berrien lehen saria ere jaso du, eta lagundu zigun gure proiektuan sinisten. Londresetik itzuli eta egin genuen lehen obra izan zen, eta lehenengo saiakera saritzeak animatu gintuen. Une horretan planteatzen ari ginen arriskatzea, konpainia profesional bat izateko.
700 urteko historian, lehen sektorean lehenik, industrian ondoren, eta zerbitzuetan azkenik, finkatu da udalerriaren ekonomia. Azken urteetan, kultura erdigunean, motor gisa jartzeko apustu garbia egin du udalak. Nola ikusten duzu?
Niretzat ikaragarria da. Askotan defendatu dut arteak, kulturak oro har ukitzen duela gizartean geruza bat ez dena hainbeste aintzat hartzen, politikan, filosofian, zientzietan: emozioen, sentikortasunaren eta hauskortasunaren geruzaz ari naiz. Beste hainbat eremutan nahi gabe gogortzen gara edo eztabaidatzen dugu, eta guzti hori garrantzitsua da, zentzu kritiko batekin eztabaidatzea, baina sakonago dagoen geruzari ez diogu erreparatzen. Ikuspegi existentzialista dugu. Mundu honetara iristen gara, ez digu inork galdetzen, eta egiten dugu ahal duguna gure bizitzekin. Horiek inportanteak dira norberaren bizitzan, bizipen guzti horiek eta sentitzen duguna konpartitzea oso inportantea da. Horrekin esan nahi dut artea eta kultura izugarrizko tresna direla, eta funtzio oso ezinbestekoa dute, nire ustez, gizartean.
Oso polita da ikustea Errenteriak beti izan duela kulturan eta artean potentzia handia, hemengo herritarrok adierazteko behar handia izan dugu beti, eta forma ezberdinetan adierazi izan gara, horien artean, kulturatik. Beti horrela bizi izan dut, oso bizia den herri bat bezala, eta ikustea ekonomiara eraman dela orain ikaragarria da, hori ere beste tabu bat izan delako kulturgileentzat.
Paradigma aldaketa erraldoia da kultura motor ekonomiko gisa kokatzea. Ulergarria da kultura denontzat planteatzen duen paradigma, kultura denen eskura izatea; hori gauza bat da, eta bestea da, kulturaren estruktura guztiak nola sostengatzen diren, eta gizartean baita ekonomian ere, zein leku eman nahi diogun kulturari bere leku duina izan dezan.
Paradigma aldaketa da, eta pentsatzea kulturak izan dezakeela leku garrantzitsu bat ere herri eraketan, liluragarria da. Pribilegio bat iruditzen zait halako apustua egin duen udalak gidatutako herriko partaide izatea.
Erreferentziazko sortzaile ugari ditu herriak. Osasuntsu dabil al sorkuntzaren esparrua Errenterian?
Oso osasuntsu, sorkuntza hori adierazteko hainbat leku daudelako. Badakit udala ari dela neurriak hartzen, baina nahiko nuke espazio gehiago izatea lanketa garaikideago bat egiteko. Iruditzen zait tradizioak leku handia daukala kulturan, eta oso-oso garrantzitsua da hori. Baina gustatuko litzaidake kulturak leku gehiago izan zezan leku publikoetan etorkizunerako bide hori asmatzeko, gehiago babestea.
Dantzagunea, Niessen Kulturgunea, Lekuona…
Espazioak egon badaude, gaur egun, beste edozein udalerrirekin alderatuta dauden baliabideak dantzarako, antzerkirako, musikarako… asko dira. Beti egin izan dudan gogoeta da, zenbaterainoko parte hartzea izan behar duen administrazioak espazio horien kudeaketan edo bizitza emate horretan. Eta beti iruditzen zait, eta nire burua kuestionatzen nabil etengabe, administrazioa interbentzionistegia dela. Gauza bat da espazio fisikoak izatea, eta beste bat espazio hori nola kudeatu, nola zabaltzen zaien askotan herritarrei, nahigabe, burokrazia handia duelako.
Ulertzen dut egunerokoak bere tramiteak dituela. Jakin behar da noiz, nork okupatuta dagoen espazioa, baina egungoa lausotu daitekeela uste dut, jendeak espazio horiek errazago erabili ahal izateko. Administrazioa eta herritarren arteko harremanak horizontalagoa behar luke.
Aparteko aipamena merezi du Mikelazulok. Zer suposatu du Mikelazulok herri eta kulturarentzat, bere txikitasunean?
Gai honetan oso emozional sentitzen naiz. Gure kultur politikek asko jo dute handitasunera, eta Mikelazulok erakusten duena da espazio txiki batean gauza ikaragarriak eta oso indartsuak egin daitezkeela.
Ikaragarria da, halaber, Mikelazulok jende askorengan utzi duen arrastoa; oraindik ere bere fruituak ematen ditu. 17 urterekin hasi nintzen inplikatzen bertan; 43 ditut egun, eta oraindik harritzen nau bertan sortutako harremanek gaur egun fruitua ematen jarraitzen dutelako, filosofatutako guztia, bertan pentsatutako guztiak oraindik ere gogoetarako beta ematen didalako. Aztarna, niretzat, oso sakona izan da. Badakit jende asko- askorentzat ere hala izan dela. Oso leku garrantzitsua da.
Pandemia ezin bazterrean utzi. Kinka larrian jarri du kultura, aurretik zegoena baino larriagoan. Errenteriako Udalak erantzun izan nahi du, eta Kultur Labea jarri zuen martxan konfinamendu betean; egoerara moldatutako Atlantikaldia heldu da ondoren; eta kultur agenda oparoa antolatu du. Zein balorazio egiten duzu?
Guk asko eskertu dugu. Kultur egiturak oso hauskorrak dira, eta halako egoeretan zer esanik ez. Nahiz eta indartsuago dirudigun, barne egiturak oso hauskorrak dira egoera normal batean; pandemia batean atera kontuak, oso kolokan jarri gaitu. Babesa sentitzea, begirunea, oso garrantzitsua izan da, baita udalak erakutsi duen ausardia ere, zeren eta azkenean ausardiaz ari baikara. Atlantikaldia ez egitea zen errazena, eta hala ere esatea aurrera egingo dutela, ausardia handia eskatzen du. Ausart jokatzen ari da udala kulturarekin.
Zein garrantzia du kulturak, sorkuntzak, herri baten egunerokoan?
Niretzako lehen mailako garrantzia du, dudarik gabe. Kulturak lotzen gaitu, komunitatea sortzen du beste modu batera, ez ideologiatik, ez arrazatik… Bat-batean kulturak apurtu egiten ditu muga horiek guztiak, ez dena batere erraza gizarte batean hain gaudenean segmentatuta; hain da bat atzerritarra, hain da bestea emakume, eta bestea hain gizon… Kulturak sakonagoa den geruza bat ukitzen du eta beste modu batean lotzen gaitu. Komunitatea sortzen du, leku seguru bat da adierazteko. Askotan ez dugu adierazten eta kaltegarria da hori. Haserrea adieraz daiteke kulturaren bidez, edo pentsamendu kritikoa landu, edo emozio eta sentimenduez, minez eta maitasunaz hitz egin. Hori da bizitzan garrantzitsuena, eta gizartea saretzen duena.
Handitan aktore izan nahi duen haur edo gazteari zer esango zenioke?
Gaztetatik edo txikitatik zer izan nahi duen argi duenari esango nioke ausartzeko, egiteko hain argi duen hori. Aktore izateaz gain irakasle ere banaiz Antzerki Labean, eta nire ikasle askok esaten didate aktore izan nahi dutela. Horretara animatzen ditut noski, baina bereizi behar da. Askok aktorearena Hollywoodekin lotzen dute, glamourrarekin. Hara joan gabe, hemen ere badagoela esaten diet. Argi baduzu zer izan nahi duzun, dena dela, ekin, ausartu.
Errenteria etorkizunean, nola irudikatzen duzu, nola amestu?
Hondartza eska dezaket? [barrezka]. Hondartzarekin, berdegune handiekin eta kulturarako espazio ugarirekin irudikatzen dut; herri bizi bat. Orain ere bada herri bizia, konforme nago denarekin, hartu duen bidearekin. Onartu behar dut oso bertakoa naizela, gustuko dudala oso nire herria. Bere buruaz pentsatzen duen herria irudikatzen dut.
MOTZEAN
Antzeztu ez duzun eta zoratzen egingo zenukeen obra ?
Idatzi gabe dago oraindik.
Errenterian galtzeko txokoa?
Iztieta. Bakarrik ateratzen naizenean askotan joaten naiz bertara eta eserleku batean eseri, jendea pasatzen ikusteko.
Sormenerako doinu bat ?
Max Richter
Herriko historiaren une bat?
1970eko hamarkada, herri asanbladen garaia.
Herriko sortzaile bat?
Zaila da bat aukeratzea… Ibai Maritxalar.