"Torturaren helburua ez da egia jasotzea. Mugimendu, talde edo pertsona bat birrintzeko bidea da"
‘Krask soinua’ abiatzeko herritarren babesa jaso du sortzaile oiartzuarrak. Torturak Euskal Herrian izan duen eraginean sakondu nahi du, adituen ikerketak oinarri dituela.
Duela ia bost urte hasitako Krask soinua proiektuak pauso handia eman du urriaren 8an abian jarritako crowdfunding kanpainarekin. Torturaren inguruan hainbat ikertzailek egindako lanari balioa ematea du helburu Ander Iriartek zuzendutako taldeak. Horretarako laguntza eskatu diote jendarteari; erantzuna ona izaten ari da. Hilabete geratzen da oraindik proiektuari bultzadatxoa emateko.
Nori zuzendutako dokumentala da?
Giza eskubideak babesten dituen orori zuzenduta dago, ez soilik gertaturikoaz jada konbentzituta dagoen jendeari. Azken finean, itun horretan benetan sinisten baduzu, torturaz hitz egitea ezinbestekoa duzu. Torturarik izan ez dela uste duenak ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna babesten badu, honetaz guztiaz hitz egitea nahiko du, hain zuzen, torturarik eman den ala ez jakiteko.
Zein da proiektuaren helburu nagusia?
Hasteko, egin nahi duguna da egiaren aitortza, izan ere, gisa honetako eskubide urraketak erreparatu ahal izateko behar-beharrezkoa da. Aitortza horretarako bidea irekita dago jada, Paco Etxeberriaren ikerketa-lanaren eskutik. Ordea, konturatu gara, gehiengoak ez duela irakurri Etxeberriak eta haren lantaldeak burututako lan mardula.
Jakina da bostehun orriko txosten bat irakurtzearen zailtasuna. Horrenbestez, proiektuarekin egin nahi duguna da, baita ere, informazio ikaragarri hori jendeari eskuragarri jarri. Modu horretan, aipatutako erreparazioan aurrera egitea da xedea, gertatutakoa eta gertatzen ari dena etorkizunean berriro ez errepikatzeko.
«Badago une bat
non osoki torturatzailearen esku geratzen zarela»
Krask soinua izenburua onomatopeia bat da, baina, hain zuzen, fisikotik haragoko torturan sakondu nahi duzue, ezta?
Guztiok dugu torturaz hitz egitean irudi bat, beso hautsi bat, bainuontzi bat… Baina, torturatuak izandakoekin mintzatzean ohartu gara badutela guztiek puntu amankomun bat: aipatzen dute badagoela une bat non osoki torturatzailearen esku geratzen zaren eta, zu egiten zaituen hori hausten den.
Mila modutara adierazi badidate ere, guztiek nabarmentzen dute krask hots hori entzun zutela. Haien izatea haustearen metafora da, kakalardo bat zapaltzea edo portzelanazko panpina bat haustearen modukoa. Torturatzailearen lana hori da, puntu horretara iristea; hori lortzen badu, haren lana ongi bete du.
Zertarako erabili izan da?
Frogatuta dago torturatzaileek badakitela tortura ez dela egia lortzeko bide hoberena. Torturaren helburua ez da egia jasotzea, aitzitik, mugimendu, talde edo pertsona bat birrintzeko bidea da. Pertsona bat torturatzean ez da soilik pertsona hori birrintzen, haren inguru osoa suntsitzen da, hala nola, familia, taldea eta lagunak. Mugimendu edo jendarte bat barrutik suntsitzeko modua da.
Sistematikoki erabili da?
Tortura ez da sistematikoa izan atxiloketei, oro har, dagokienez. Baina, lagin bat hartuz gero, hots, euskal gatazkaren harira atxilotutakoen multzoa, ondorio ezberdinak ikus ditzakegu. Paco Etxeberriak frogatu du, euskal gatazkaren harira atxilotutako hogei mila pertsonetatik bost mila torturatuak izan direla. Hortaz, sektore bati dagokionez behintzat, sistematikoa izan da.
Nolakoa izan da torturaren bilakaera?
Torturaren bilakaeran aldaketa nabarmena eman zen 1948an, Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna sinatu ostean. Bigarren Mundu Gerrako sarraskiaren ondoren estatuek nolabaiteko marra gorri batzuk ipini zituzten, horien artean, torturaren debekua. Hala ere, jendarteko gatazkak ez ziren amaitu.
Beraz, tortura bide klasikoak (fisikoak) baztertu eta tortura bide berriak garatzen hasi ziren, hala, eskubideen itunari izkin egiteko. Pertsona, zantzu fisikorik gabe, azken mugaraino eramateko modu ugari daudela ikusi zuten, besteak beste, loa, gosea, soinua, nekea eta beldurra baliatuz.
Tortura gauza bera al da Euskal Herrian eta gainontzeko herrialdeetan?
Kontzeptu bezala, bai. Ez da tortura kasuak eman diren leku bakarra, inondik ere. Tortura mugimendu kontrakultural ororen aurka erabiltzen da. Halaber, oraindik ere, munduko leku askotan gertatzen da. Gaur egun, tortura bide fisikoak apur bat alderatuta dauden arren, beste moduek indarrean diraute.
Horrez gain, ulertu behar da tortura, torturatua izango denaren arabera egiten dela. Hau da, kultura eta pertsonaren arabera tortura ekintzak aldatu egiten dira. Kultura jakin bateko kideentzat txikikeria izan daitekeena, beste kultura bateko kideentzat sekulako erasoa izan daiteke.
Zein izan da Paco Etxeberria, Olatz Retegi, Olatz Barrenetxea eta Miguel Anjel Navarro bezalako adituen laguntza baliatzeko arrazoia??
Dokumentala ez da izango elkarrizketa segida bat. Gure helburua da ikertzaileen lanari balioa ematea, horregatik, haien txostenetan oinarrituko gara.
«Tortura mugimendu kontrakultural ororen aurka erabiltzen da»
Zein iritzi duzu egungo errelato arteko gudaren inguruan?
Ez nago sortzen ari diren Patria edo La línea invisible bezalako proiektuen aurka, baina, argi eduki behar da errelato guztiak errekurtso ezberdinekin kontatzen direla eta, egiari zor, horrek eragin kaltegarriak izan ditzakeela. Errelatoen kontua garrantzitsua da, izan ere, kontakizun bakoitzak iritzi propioa du eta iritzi horiek jendartera iristen dira, masak alde batera edo bestera mugiaraziz.
Ez nago monopolioen alde eta ez litzaidake gustatuko soilik bertsio bakar bat egotea, azkenean, errelatoak benetakotasuna galduko lukeelako. Iruditzen zait errelatoak izan behar dela anitzak, konplexua eta eztabaidagarria, ahalik eta informazio osatuena izateko. Hori horrela, garrantzitsua da gure gisako talde txikiek ere ahotsa izatea, guk kontatzen ez badugu ez du inork kontatuko eta.
Urriaren 8an hasi zenuten crowdfunding-a, nolakoa izaten ari da herritarren erantzuna?
Ikaragarria, itzela izaten ari da. Bost egunetan lortu genuen filmaketarako gastuak ordaintzeko beharrezkoa, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei. Oso pozgarria da ikustea herri honek aspalditik erakutsi duen konpromisoa mantentzen dela.
Hala ere, jendeari ildo beretik jarraitzeko eskatuko genioke, hala, proiektua biribilduko luketen bi helburu lortzeko. Bata, Kopenhagera joatea litzateke, hemengo kasuak gainontzekoekin alderatzeko, eta bide batez, gertaturikoak oihartzun handiagoa izateko. Bestea, duintasun apur batez lan egitea izango litzateke. Hamaika mila euro lortu ditugu eta hogeita zortzi behar ditugu guztia biribiltzeko. Hilabete geratzen da oraindik proiektu honen parte izan nahi duenarentzat.