COVID-19, neurri berriak: zalantza txikiak, eta hainbat erantzun
Atzo Jaurlaritzak emandako aginduen harira, hainbat zalantza txiki izan ditzakete herritarrek. Hemen, horietako batzuei erantzuna.
Eusko Jaurlaritzak atzo ezarri zituen COVID-19ri aurre egiteko neurri gehiago. Oinarrizko lau irizpide eman zituen, baina badira xehetasunak herritarren egunerokoan sor daitezkeenak. Hemen, horiek argitze aldera, hainbat galdera eta erantzun. Erantzunak Eusko Jaurlaritzak atzo publiko egin zuen dekretuan daude oinarrituta. Gaurtik daude indarrean neurri horiek, gutxienez hamalau egunez.
Ondoko herri batera erosketak egitera joan naiteke?
Bai. Mugakide diren herrietara joan daiteke erosketak egitera. “Jarduera sozio-ekonomikoen” baimentzean omen dago erosketen gaia.
Nire herritik kanpo dagoen osasun zentro batean hitzordua dut. Joan naiteke?
Bai. Herritik kanpoko osasun zentro, zerbitzu edo establezimenduetara joan daiteke.
Kirola egitera herritik kanpora atera naiteke?
Bai. Bizitoki den herritik ondoko herrietara joan daiteke bakarkako kirola egiten den bitartean. Adibidez: korri egiten, bizikletan ibiltzen, patinekin, itsasoan piraguan… Horietan, gehienez sei pertsonako taldeak osa daitezke.
Nire bizitoki ez den herri batera joan naiteke kultur ekitaldi batera?
Bai. Ondoko herrietako (mugakideak) kultur ekitaldietara joan daiteke. Horien sarrera eraman behar da soinean, Ertzaintzak edo udaltzainek kontuak eskatzerakoan erakusteko.
Nire herriarekin mugakide den beste herri bateko jatetxe batera joan naiteke?
Bai. “Jarduera sozio-ekonomikoen” atalean sartu du Jaurlaritzak ondoko herrietako jatetxeetara joateko aukera.
Nire bizitoki ez den beste herri batean eta ostalaritzan egiten dut lan. 23:00ak baino lehen etxean egon beharko nuke?
Ez. Ostalaritzako establezimenduak 23:00etan ixten badira ere, horietan lan egiten duten langileek aukera dute establezimendua itxi eta etxera joateko. Garraio publikoko zerbitzuak 00:00ak arte martxan izango direla iragarri du Jaurlaritzak, baimena duten langileek (edo bestelakoek) etxera bueltatzeko aukera izan dezaten.
Ostalaritzako establezimenduan barruan kontsumitu daiteke?
Bai. Baina barran ez, eta eserita, betiere establezimendu horren aforo muga %50ekoa delarik. Mahai berberean ezingo dira sei pertsona baino gehiago eseri. Mahaien arteko distantziak 1,5 metrokoa izan behar du gutxienez. Terrazetako mahaietan ezingo dira sei pertsona baino gehiagoko taldeak sortu, eta mahaien arteko distantziak ere 1,5 metrokoa izan behar du gutxienez. Beti maskara jarrita izan behar dute bezeroek, edaten edo janaria irensten den unea kenduta. 23:00etan itxiko dituzte establezimendu horiek (ordu horretarako hutsik egin behar dira).
Kirol talde bateko kide naiz, zeinaren liga edo konpetizioa egitea baimenduta dagoen (Gipuzkoa mailako ligak eta konpetizioak ez daude baimenduta). Nire bizitoki den herritik atera naiteke partida jokatzera?
Bai. Zalantza entrenamenduen kasuan dago; profesionalak diren taldeetan bai daudela baimenduta kirolarien herrien arteko desplazamenduak. Profesionalak edo semiprofesionalak ez diren, eta partidak martxan dituzten taldeetako jokalarien kasuan dago zalantza.
Konpetizioa baimenduta ez duen talde federatu bateko kide naiz. Entrenamenduak egin daitezke?
Bai. Baina horietan gehienez sei pertsonako multzoak osa daitezke, beti 16 urtetik gorakoen kategorietan. 16 urtetik beherakoen kasuan ez da lehiarik. HITZAk Oarsoaldeko Eskola Kirolako arduradunekin hitz egin du, eta baieztatu dute entrenamenduak oraingoz ez dituztela eten, eta seiko taldetan egingo dituztela.
Hor kontuan hartu behar da entrenamenduak egiteko herrien arteko desplazamenduetan zalantza dagoela kirolari profesional edo semiprofesional ez direnen kasuan.
Kiroldegi bateko ikastaro batean nago, taldekoa. Bertan behera gelditu dira ikastaro horiek?
Ez. Taldekako ikastaro horiek egin daitezke, baina beti sei pertsonako taldeak osatuz gehien jota. Herri batetik bestera joan daiteke kiroldegietako ikastaroak egitera.
Gure etxean seitik gora pertsona bizi gara. Elkarrekin kalera atera gaitezke, seiko pertsona taldea gainditu arren?
Bai. Familia unitate bereko (elkarrekin bizi direnak, etxebizitza berberean) kideen kopurua seitik gorakoa bada, elkarrekin joan daitezke espazio publiko itxi eta irekietara.
Nire herrian ez dago gasolindegirik. Ondoko herrira joan naiteke ibilgailuari gasolina botatzera?
Bai, baina hurbilen dagoenera.
Nire bankua edo aseguru agentzia nire herritik kanpo dago. Kudeaketa lanak egitera hara joan naiteke?
Bai.
Atzera ezin den azterketa bat edo proba ofizial bat daukat bizi naizen herritik kanpo. Joan naiteke?
Bai.
Dokumentu ofizial bat derrigorrez berritu behar dut. Herritik atera naiteke hori berritzera?
Bai.
Garraio publikoan, edukiera mugarik al dago?
Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan: «Ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte» sartu ahal izango da jendea. Garraio publikoak 24:00etan du abiatzeko azken ordua, etxeratze agindua indarrean ezarri eta ordubetera. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori.
Auto pribatuan, zenbat lagun joan daitezke?
Ibilgailuan sartzen den gehienezko jende kopurua joan daiteke autoan. Elkarrekin bizi direnak soilik badoaz ibilgailuan, ez dute maskara jarri beharrik izango; bestela, bai, 6 urtetik gorako guztiek behar dute maskara.
Euskaltegi, akademia, autoeskola edo bestelako zentro bateko ikasle naiz. Horietara joan naiteke?
Bai. Orain arte bezala jarraituko dute; gehienez 25 laguneko taldeekin eta beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta.