Ondartxoko lanei buruz "adierazpen arduragabeak" egin izana egotzi dio EH Bilduk Otermini
Pasaiako EH Bilduk hirigintza zinegotziari leporatu dio pasealekua zabaltzeko lanak hilabete honetan hasiko zirela iragarri izana, horiek abendua baino lehen hasiko ez direnean.
Pasaiako EH Bilduk Hirigintza zinegotzi den Nahikari Otermini leporatu dio Ondartxo “ez-pasealekuari” buruz hainbat gezurrezko adierazpen egin izana, hark iragarri baitzuen segurtasuna bermatzeko lanak hilabeteko epean hasiko zirela, pasa den hilabeteko hirugarren astean (22an, zehazki).
EH Bilduk jakin ahal izan duenez, momentu honetan proiektuaren erredakzioa egiten ari da horretarako esleipena lortu duen enpresa, eta, behin hori amaituta, proiektua lehiaketara aterako da. Hiruzpalau asteko iraupena izango duen prozesua igarota, egun batzuetako kontua litzateke obrak hastea. Hortaz, lanak, azkarrenez, abenduan hasi ahal izango dira, eta ez aste honetan, zinegotziak iragarri bezala.
Oposizioko alderdiak salatu du “adierazpen arduragabeak” izan zirela Oterminek egindakoak, herritarrek pasealeku hori zabaltzeko sentitzen duten beharra maiz aitortu dutenez gero. Pasai San Pedroko puntetara eta farora doan bideak urte hasieratik darama itxita, eremu horretan jazotako luizi batzuen ondorioz. Prozesu guztia bildu duen erreportajea da honakoa.