EAJ: "Zerga eta tasak izoztea beharrezkoa zela uste dugu"
Jeltzaleen ustetan, beharrezkoa zen tasak eta zergak izoztea, baina aldi berean, udal finantzetan oreka mantentzea beharrezkoa dela esan dute, "errenteriarren beharrak artatu ahal izateko.
2021eko zerga eta tasak izoztea onartu zuen plenoak atzo aho batez. EAJk babestu zuen erabakia eta horren gaineko irakurketa egin du. Jeltzaleen ustetan, beharrezkoa zen tasak eta zergak izoztea, baina aldi berean, udal finantzetan oreka mantentzea beharrezkoa dela esan dute, “errenteriarren beharrak artatu ahal izateko. Krisia medio udalaren diru sarrerak murriztu egin dira eta datorren urteko zerga eta tasak izozteak ere, diru galera bat ekarriko du. Hala ere, uste dugu izoztea beharrezkoa zela, udalak esfortzu hori egin dezakeela eta aurrekontuan egin beharko dugula ahalegin berezia lehentasunak jarriz eta gutxiagorekin gehiago eginez”.
EAJk zergen progresibitateaz mintzo da, eta azken urteetan mahai gainean jarri duten gaia izanik “pena dela” aurten ere ezarri ezin izana esan du Elixabete Murua bozeramaleak. Hondakinen bilketaren eta uraren tasetan proposatutako hobariak ez direla posible izango ere esan du: “Progresibitatea ez aplikatzea ulergarria da azken hilabeteetan bizi dugun egoera konplexua aintzat hartuta, baina ahal bezain laster gai horri heltzea nahiko genuke”.
Hobariak zentzuz eta erantzukizunez aplikatzeko eskatu du, bestalde, “helburu justifikatu batekin eta desorekak areagotzea saihestuz, “aurten bideratu ditugu hainbat laguntza ekonomiko COVID-19aren eragina leuntzeko, baina ez dute zertan beti laguntza ekonomikoak izan, ordainketak egiteko garaian malgutasunarekin jokatzea ere bada aukera bat”.