Santu Guztien egunean hilerrira ez joatea aholkatu du Pasaiako Udalak
Jende pilaketak saihesteko, igande honetan kanposantuetara bertaratzekoak ziren horiek euren bisiten eguna alda dezaten gomendatu du udal gobernuak.
2020ko Santu Guztien eguna aurrekaririk gabeko ezohiko egoeran helduko da, eta, jakina denez, errealitate horrek hainbat behar berri dakartza. Pasaiako Udalak gomendatu du azaroaren 1ean (datorren igandea) kanposantura joatekoak ziren horiek aurreko astean edo “urteko beste edozein unetan” egin dezaten euren bisita, izan ere, egun horretan ez bertaratzeak “pilaketak saihestu ditzake, birusaren hedapena geldiarazteko”.
Joatekotan, udalak nabarmendu nahi izan du bakarka edo talde txikitan joatea ezinbestekoa dela, panteoi bakoitzaren gehienezko edukiera sei lagunekoa izango delarik. Gainera, musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da segurtasun distantzia mantentzen denetan ere. Horrez gain, hilerrian gehienez ordubetez egoteko gomendioa ere egin diete pasaitarrei.
Udaltzaingoak uneoro kontrolatuko du kanposantuaren edukiera, eta udal-hilerrietarako sarbidea aldi baterako etetea agindu ahal izango du, eremuaren barruan pilaketarik egon ez dadin. Santutegien sarbideetan informazio-kartelak jarriko dira, bisitariek Covid-19ri buruz hartu beharreko higiene- eta segurtasun-neurriak iragarriz.