Zergak izoztuta, eta ordainketa egutegia herritarren beharretara moldatuta
Zerga eta tasak izoztea, salbuespen neurria da COVID-19ak eragindako pandemiarengatik, eta horrek familien ekonomian izan duen eraginagatik. Ez dela udalak sustatu nahi duen politika orokorra azaldu du Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak.
Zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki du plenoak aho batez. 2021ean beraz, ez da igoerarik izango, eta ordainketa egutegiari dagokionean, malgua izango da, herritarren beharretara moldatuta. Azken neurri hori, ez da berria, udalak aurten dagoneko ezarri du malgutasun hori zergak eta tasak ordaintzeko momentuan, eta abenduaren 31 izango da horiek ordaintzeko azken epea. Datorren urtean planteamendu bera egingo du udalak.
Zerga eta tasak izoztea, salbuespen neurria da COVID-19ak eragindako pandemiarengatik, eta horrek familien ekonomian izan duen eraginagatik. Ez dela udalak sustatu nahi duen politika orokorra azaldu du Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotziak, “egoera berezia delako, neurri berezia hartu dugu datorren urteari begira. Ez da ordea beti sustatu nahi dugun politika, nahiko genukeelako ariketa sakonago bat egin progresibitate egoki bat aplikatu ahal izateko. Egia da, ordea, udalak dituen tasa eta zergetan zaila dela progresibitatea aplikatzea; hori egiteko erraztasuna foru aldundiak du. Oso zaila da OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zerga kalkulatzea etxebizitza jakin horretan bizi direnen diru sarreren arabera; egin daiteke agian, eta hori da aztertu behar duguna”.
Azkenean gehien irabazten dutenek, gehiago ordaintzea da planteamendua, eta udalak konpromiso hori hartu du, “ez gara izozte sistematikoen aldekoak, uste dugu gehien irabazten duenari edo gehien duenari grabatu behar zaiola; hori da politika publikoak egiteko zerga-bilketa sistema egokia, egin behar duguna”.
Egoera aintzat hartuta izoztea planteatu zuen gobernu taldeak eta oposizioko bi alderdiekin, EAJ eta PSE-EErekin hitz eginda adostasunera heldu ziren eta aho batez onartu zituzten ordenantza fiskalak atzo.
Atzoko plenoan ez zegoen gai ordenean, baina udalak aurten martxan jarri duen Talka eta suspertze planak ere izan zuen tartea. Halako gehiago martxan jartzeko beharra nabarmendu zuten alderdi politiko guztiek, “mahai gainean jarri zen gaia, baina ez da ezer erabaki momentuz—azaldu du Ogasun zinegotziak— Bozeramaileen artean talka planaren exekuzio mailaren gaineko balorazioa egin genuen eta ziurrenik berriro neurriak hartu beharko ditugula ondorioztatu genuen. Aztertu beharko dugu bonu sistemarekin jarraitu nahi dugun, eta diru laguntzak eman beharko dizkiogu, nagusiki, ostalaritzari. Ulertzen dut hala egin beharko dugula egoerari erreparatuta”.
Azken hori baina, gai ordenetik kanpo, ez zelako atzoko plenora eramandako gai bat, baina bai mahai gainean jarri zutela eta “udala aztertzen ari dela”, Lopez de Etxezarretak zehaztu duenez.
Hurrengo urteari begira, berriz, ordenantza fiskalekin lotuta, horien gaineko testu berri bat sortzeko konpromisoa azaldu du Ogasun zinegotziak, “zaharkitua dagoelako eta batez ere modu berdin batean adostu dezakegun edo egingarria den progresibitate bat aplikatzeko tasa guztiei, gehien daukanak gehien ordaindu dezan”.