Atzegik, 60 urte bete ditu bidelagunak biltzen
Atzegik, adimen elbarritasuna duten pertsonen aldeko elkarteak, sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, eta gaur eguerdian, Errenteria-Oreretan aurkeztu du.
Atzegik, adimen elbarritasuna duten pertsonen aldeko elkarteak, sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, eta gaur eguerdian, Errenteria-Oreretan aurkeztu du. Udaletxean egin du aurkezpen hori, eta ez da ziurrenik ausazko erabakia izan, kanpainaren protagonistak, Oihana Garciak Pausi Berriak programari esker hamar urte daramalako lanean udalean bertan. Aizpea Otaegirekin batera izan dira Atzegiko ordezkariak, baita Garcia bera ere kanpaina aurkezten.
60 urte bete ditu Atzegik aurten, eta bide luze horretan zehar bidaide izan dituen guztiei eskerrak ematearekin batera, haien beharra izaten jarraitzen duela, baita babesle eta bidaide berriena ere, esan dute ordezkariek. Bidaide horiek, adimen elbarritasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko borrokatzen dira, eta hori aitortu die Atzegik, “pertsona horiekin lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak aregotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea”.
Hobera egin du egoerak, familia batzuk elkartea 1960 urtean sortu zutenetik beren seme-alaben etorkizunaren alde borrokatzeko, baina oraindik ere erronka asko eta bide luzea dutela aurretik esan dute, “Gipuzkoako gizartearen babesak ezinbestekoa izaten jarraitzen du”.
Sei hamarkadako bideari keinu egiteko Atzegiren webgunean astero, 60 astez, protagonista bat aurkeztuko dute, “adimen elbarritasuna duten pertsonak, senideak, boiluntarioak eta bestelako bidelagunak azalduko dira bertan beren esperientzia pertsonala, lorpenak eta ametsak azaltzeko”.
722 Atzegizale Oarsoaldean
Gaurko agerraldian hainbat datu ere eman dituzte. Elkartean guztira 17.507 pertsona ari direla azaldu dute; horietatik 2.195 familia dira; 2.284 adimen elbarritasuna duten pertsonak; 2.567 pertsona kolaboratzaileak, eta 10.461 Atzegizaleak.
Oarsoaldera ekarrita, 199 familia, 204 adimen elbarritasuna duten pertsona, 206 kolaboratzaile eta 722 Atzegizale dira, guztira.