Motora Mugi sisteman txertatzeko eskaera egin du EH Bilduk
Alderdiak nabarmendu du kalitatezko garraio publikoa izateko eskubidea dutela pasaitarrek. Sistema berriak CO2 isurketak murrizteaz gain, maila sozioekonomikoan onurak sor litzakeela uste dute.
Asteazkenean, EH Bilduko batzarkide den Oskar Bordesek Pasaiako motora zerbitzua Mugi sisteman integra dadin eta linea berriak ezartzeko aukera azter dadila eskatu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. “Pasaiatarron eskaera historikoa izanik eta hainbatetan eskatu den arren, oraindik ez da motora zerbitzua Mugian txertatu”, salatu du Pasaiako EH Bilduk.
Eskaeraren garrantzia nabarmendu nahi izan du Pasaiako taldeak, ez baita kapritxo bat; aitzitik, herritarrek kalitatezko garraio publikoa izateko eskubidea dutela argi utzi nahi izan dute: “Integrazio honek eguneroko erabiltzaileei tarifa berezituak izateko aukera emango lieke eta gainontzeko garraiobideekin ontzi aldaketa egitea erraztuko luke, hainbatetan entzuten dugun eta modan jarri den inter-modalitatea sustatuz”.
Gaur egun ez da existitzen Pasaiako barruti guztiak lotzen dituen garraio publikorik eta, EH Bilduren ustetan, motorak bete beharko luke hutsune hori. Horretarako, linea berriak sortzeaz gain, Pasai Antxori urarekin duen lotura naturala berriro ere bermatzeko garaia dela uste du alderdiak.
Azkenik, gogoratu nahi izan dute motora garraiobide kolektiboa izanik, horren erabilera sustatzeak atmosferara isurtzen den CO2 kopurua murrizten lagunduko lukeela. Horrez gain, herrien arteko loturak eskualde mailako hartu-eman sozioekonomikoak hobe litzakeela sinesten dute.