[Erreportajea] Iluntasuneko beldurrei gorazarre
Ohitura zaharrak berreskuratzeko sortu zen orain sei urte Gau Beltza Oiartzunen, eta iaz antolatu zuten lehen aldiz Errenteria-Oreretan. Orain arte egindako bideak etenik izan ez dezan, arimen gauari lekutxo bat egingo diote biek.
Iluna izango da aurtengo Gau Beltza. Etxeratze agindua, edukiera zein pertsona talde kopuru mugak, musukoak, distantziak eta hamaika arau eta mugek zehaztuta bizi beharko dute herritarrek 2020. urteko Gau Beltza. Iluntasun horretan, hala ere, iraganean euskal herritarrek ospatu ohi zuten gau berezi horri keinu bat, bederen, egin nahi izan diote Oiartzunen zein Errenteria-Oreretan.
2014ean egin zuen Oiartzungo Abaraxka udal ludotekak arimen gaua antolatzeko proposamena. Halloween-eko elementuak atzematen hasi zirela herrian azaldu du Nekane Martiarena ludotekako arduradunak: «Orduan hasi nintzen herriko baserrietan galdezka, horri buruz irakurtzen, eta gure haurrentzat ez genuela Halloween nahi erabaki genuen. Abaraxkako baloreekin zerbait nahi genuen».
Hala, abiapuntua finkatuta, eta dokumentazioa errepasatu ondoren, festa bat «asmatu» zutela kontatu du oiartzuarrak: «Eta gure sorpresarako, ikaragarrizko arrakasta izan zuen, ikaragarria. Eta urtetik urtera, jende gehiagok parte hartu du».
Aurten, baina, egoera oso bestelakoa da. Martxotik gertatu bezala, COVID-19a arimen gauera ere iritsi da, eta horrek azken urteetan garatzen joandako ospakizuna zaildu du. Hala ere, aurten garrantzitsua zela zerbait egitea adierazi du Martiarenak: «Ez nuen nahi 2020a Gau Beltzik gabe geratzea, eta egia da zalantza asko izan ditugula». Azkenean, ezohiko formatuan bada ere, zer edo zer antolatzea erabaki zuten.
Ildo beretik mintzatu da Leire Arrizabalaga Orereta Ikastolako komunikazio arduraduna. Iaz egin zuten lehen aldiz Errenteria-Oreretan Gau Beltza. Herriko eragile ezberdinek parte hartu zuten deialdian. «Zapore ona» utzi zien iazko arimen festak, eta aurten, COVID-19a tarteko, ez zutela hasitako bidea eten nahi azaldu du ikastolako langileak: «Gainera, pena ematen zigun ez egitea, herriko beste eragile batzuekin elkarlana sortu zelako dena antolatzen, eta beraz, ez genuen eten nahi, zeren badirudi bestela hasi duzun bide horretan atzera egiten duzula, ez?» .
Komunikazio arduradunak egin bezala, elkarlanean eta parte hartzean ere jarri du indarra Martiarenak. «Niretzat inportantea da eragileen parte hartzea, baita norbanakoena ere», azaldu du, eta areago jo du: «Oso garrantzitsua iruditzen zait horrek esan nahi duelako herrian elkarrekin ari garela lanean, eta elkarrekin ari garela hainbat balore lantzen herriko gaztetxoentzat batetik, baina denentzat ere bestetik».
Iluna bai, baina etenik gabe
Berreskuratutako ohituraren bideak etenik izan ez dezan, keinu txiki bat egingo diote aurtengoan arimen gauari bi udalerrietan. «Gau Beltza pixka bat hauspotzeko, modu xumean bada ere, behintzat, plaza bat eskaini nahi genion», dio Arrizabalagak. Hortaz, beldurra ardatz duen ipuin, mikroipuin eta ikus-entzunezko lehiaketa abiatzea erabaki du Orereta Ikastolak. Hala, ipuin lehiaketa herriko DBHko ikasle orori zuzenduta dago, eta bi kategorietan banatzen da; bata, DBH 1-2 mailak biltzen dituena, eta bestea, DBH 3-4ri zuzendutakoa. Mikroipuin lehiaketa, bestalde, 16 urtetik gorako herritarrentzat prestatu dute, eta ikus-entzunezkoari dagokionez, edozeinek parte har dezake. Entrega epea Euskararen Egunera arte (abenduak 3) luzatuko dute, eta lanak euskaraz aurkeztea ezinbestekoa da. Xehetasunak, hala ere, ikastetxearen webgunean kontsulta daitezke.
Horrez gain, adinen arabera egokitutako beldurrezko ipuinak eta ilustrazioak sortu dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleen «kontzientziazioa» bultzatzeko: «Garai batean hemen Gau Beltza ospatzen zen, eta hori berreskuratu nahiko genuke, atzerrikoei ezer kendu gabe, baina gurea errekuperatuz». Hartara, herritarrei ere dei egin die arduradunak, eta familiak bere etxean Gau Beltz «txiki» bat ospatzera animatu nahi izan ditu: «Agian beldurrezko ipuin bat irakurriz, kalabaza bat hustuz, edo maindire bati zulo batzuk eginez. Gau Beltzak, behintzat, lekutxo bat izan dezan gure egutegian».
Oiartzunen ere tokia egingo diote arimen gauari, eta ikuskizun batekin ospatuko dutela aurreratu du Martiarenak. Herriko antzerki taldea arduratuko da emanaldiaz. Gonbidapenen bidez leku eta ordu ezberdinean finkatuko dituzte hitzorduak, eta Arizmendi-Enea etxeko lorategietara lekualdatuko dituzte talde txiki horiek, bertan ikusiko baitute ikuskizuna. Soinueneako kideek txalaparta doinuekin girotuko dute hitzordua.
Herri Musikaren Txokoko kideak ez dira, hala ere, Oiartzungo arimen gauari soinu banda jarriko dioten bakarrak. Izan ere, aste honetan bertan ezagutarazi dute Basskek itxialdian konposatutako Gau beltza piezarekin eta Onintza Etxebesteren argazkiekin osatutako bideoa. Benetako beldurra sentitzeko tamainakoa da lana. Biharkoan, baina, beldurrak erre nahi dituztenek, baldintza bakarra bete beharko dute: mozorrotu. Hori bai, musukoa mozorroan barneratu beharko dutela gogorarazi du Martiarenak.