Kutxa Kultur Moda, Jantziaren Zentroan
Larunbatetik azaroaren 29ra arte Kutxa Kultur Moda egitasmoaren barruan dauden hamar egoiliarren sorkuntzak ikusteko aukera dago Jantziaren Zentroan.
Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroan erakusketa berriarekin ekingo diote hilabete berriari. Zehazki, bihar (larunbata) Kutxa Kultur Moda programako hamar diseinatzaileren sorkuntzekin osatuko dute erakusketa, denak gipuzkoarrak eta egitasmoaren barruan egoiliar bezala ari direnak.
Diseinatzaile bakoitzak marka edo look osagarri propio bat jarriko du ikusgai Jantziaren Zentroko beheko solairuan. Kutxa Kultur Modatik nabarmendu dute proposamenak berritzaileak eta ausartak direla. Gainera, moda iraunkorraren, tokikoaren, eta pertsonalaren adierazle dira jarriko direnak, eskuz eginak denak.
Elixabete Perdiguero, Fanny Alonso, Maialen Apaolaza, Maialen Porroy, Oihane Pardo, Sonia Cepa, Jon Alkain, Itxaso Segues, Nahia Salaberria eta Barbara Leon dira diseinuen arduradunak, bakoitza bere marka propioarekin.
Kutxa Kultur Modak 2010etik bultzatzen du Gipuzkoan sortzen ari diren, amateur diren eta finkatze fasean dauden diseinatzaileen profesionalizatzea. Programak ekonomia zirkularra sustatzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio moda iraunkorrari eta kontsumo arduratsu eta bertakoari. Kutxa Fundazioak Donostiako Tabakaleran du gune-lantegia.
Bigarren aldia da Kutxa Kultur Modako egoiliarrak Jantziaren Zentroan euren proposamena aurkezten dutena. Sortzaileentzat ere apustu berezia da, beraien sorkuntzak desfileetan ikus daitezen egiten dituztelako eta ez areto batean ikusgai jartzeko.
Azaroaren 29ra arte dago erakusketa zabalik, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.