Egoeraren "larritasunaz" ohartarazi dute herriko elkarte gastronomikoek
Udala elkarteen ordezkaritza batekin bildu da, eta egoera ikusirik, araudi berria azter dezan zerbitzu juridikoa jarri du haien eskura.
Errenteria-Oreretako elkarte gastronomikoak “kinka larrian” daude. Hala adierazi dute ohar baten bidez, eta bizi duten egoeraren “larritasunaz” ohartarazteko, udalarekin bilera egin dutela ezagutarazi dute. Tokiko gobernuak “elkartasuna” helarazteaz gain, indarrean dagoen araudia azter dezan zerbitzu juridikoa jarri duela elkarteen eskura azaldu dute
Elkarteak kexu dira. Izan ere, aplikatutako dekretuaren arabera, batzuetan kultur entitate eta beste batzuetan ostalaritza areto kontsideratzen dituzte, eta murriztapenak ezberdinak direlakoan kasu batean edo bestean, egoera juridikoki aztertzea erabaki dute.
Gogorarazi dutenez, “martxotik ekainera eta azarotik apirilera arte luzatu daitekeen itxiera agindua jaso dute elkarteek”, eta ireki ahal izan dutenek, murriztapen ugarirekin egin dute. Gainera, antolatu ohi dituzten ekitaldi eta jarduerak bertan behera geratu direla deitoratu dute, “martxotik dira geldirik”, eta ondorioz, orain arte elkarteek egindako “indarra erabat desaktibatua” geratu dela iritzi diote.