'Grafitiak Neandertalentzat' liburua aurkeztuko du Jorge Riechmannek
Alternatibak antolatu du hitzaldia, eta Riecmanen liburuarekin batera haren euskararako itzulpena ere aurkeztuko dute asteazkenean.
Grafitiak Neandertalentzat liburuaren egilea Errenteria-Oreretan izango da asteazkenean (hilak 4). Gazteleraz idatzi du Jorge Riechmannek liburua eta horren gaineko zehaztasunak emango ditu eskainiko duen hitzaldian. Alternatibak antolatu du hitzaldi hori.
Riechmann olerkari, filosofia irakaslea, ekologista eta zientzia politikoan doktorea da. Iaz argitaratu zuen Grafitis para neandertales liburua Eola argitaletxearekin, eta horren euskararako itzulpena egin du Joseba Barriola oreretarrak. Riechmannek bere liburua aurkeztuko du, baina asteazkeneko hitzaldian gainera, euskarazko itzulpenaren aurkezpena ere egingo dute.
Hibridoa da Riechmannen liburua, mikroentseguak, prosa eta poesia nahastu ditu. Ñor, monje taoistak gidatuko du irakurlea liburuan barrena; kezka handia du, kapitalismoaren porrot ikaragarriak, kolapso ekologiko, sozial eta antropologikoa dakarkiola munduari jakinarazi diotelako.
Liburua egiaren mesedetan idatzi du Riechmanek. Kontzientzia eta errukia sortzea du helburu, argitasuna eta maitasunaren garrantzia nabarmenduta.
Xenpelar Etxeak hartuko du aurkezpen bikoitza 19:30ean hasita. Parte hartzeko ezinbestekoa da erreserba egitea aurretik, eta horretarako posta elektronikora mezua bidali behar dute interesdunek.