Mexikora bidaia, 'Macario' filmarekin
Mexikoko Domu Santu Eguna, bertako kultura Errenteria-Oreretara ekarriko du OzZinemak eta horretarako kultur saio berezia atondu, film emanaldiarekin batera literatur irakurraldia egingo baitute.
Mexikora bidaiatzea, hori da OzZinema zineklubaren proposamena biharko antolatu duen saioarekin. Zehazki, Mexikoko Domu Santu Eguna, bertako kultura Errenteria-Oreretara ekarriko du eta horretarako kultur saio berezia atondu, film emanaldiarekin batera literatur irakurraldia egingo baitute.
Berritzailea, beti bezala OzZinema; publikoa harritzeko duen gaitasuna elikatzen jarraitzen du zineklubak. Irakurraldian, Calaveritas literarias, Mexkaldi Etxeak, Noski Liburu dendak eta Ozzinemak antolatutako lehenengo lehiaketaren hiru irabazleen lanak irakurriko dituzte. Calaverita loteraria, jatorriz Mexikokoa den bertso konposizio bat da, Domu Santu egun bezperan idatzi ohi dena; lotsagabe, dibertigarri eta egilearen sentimendu handia adierazten dute.
Mexiko eta bere kultura ardatz izango ditu Ozzinemaren saioak, beraz, eta biribiltzeko, Roberto Gavaldonak duela 60 urte zuzendutako Macario filma emango dute.
Macario laborari eta egurgile xumea da. Guajalotea (indioilarra) osorik jatea du ametsa, baina larri bizi da familia. Emazteak bat lapurtu eta Mariorentzat prestatuko du. Basora joango da bera jatera, eta han dela, Deabrua, Jainkoa eta Heriotza agertuko zaizkio. Hirurek nahi dute partekatzea indioilarra, baina berak, heriotzari onartuko dio soilik; trukean gaixotasun oro sendatzen duen edabea botila batean emango dio heriotzak.
Aberastu egingo da Macario horri esker, eta inkisizioaren arreta bereganatu. Heriotzak hartuko du azkenean.
Filmean Mexikoko landa giroko miseria, sineskeria, gosea, sekulako etsipena, etorkizun eza eta gizarte zatikatua erakutsiko ditu zuzendariak.
Hitzordua bihar asteartea, 19:30ean, Niessen zienemetan. Sarrera doakoa, baina ezinbestekoa da gonbidapena jasotzea aurretik Niessen Kulturgunean.