Pasaiako txikienentzako zinema eskaintza abian da
Lehen filma larunbat honetan eskainiko dute, 17:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Emanaldi guztiak larunbatetan izango dira.
2020ko Pasaiako Zinema Txikiari larunbat honetan emango zaio hasiera, 17:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Aurtengo emanaldi guztiak kulturgune horretan izango dira, eta bertaratzea laguntzeko aurten motora zerbitzua jarriko da martxan, Trintxerpeko kaitik 16:45ean, eta San Pedroko ontziralekutik ere pasako da.
Saio guztiak euskaraz eta larunbatetan izango dira, azaroan hasi eta maiatzaren 29ra arte; ez larunbatero, jakina, guztira zortzi film barne hartuko ditu aurtengo Pasaiako Zinema Txikiak. Izen emateak honako esteka honetan egin beharko dira aurretik, gehienezko edukiera 90 lagunekoa baita, eta eserlekuak betetzean beste inor ezingo da bertaratu.
Pasaiako Udalak argi utzi nahi izan du derrigorrezko osasun eta segurtasun neurriak bermatuta egongo direla aretoan, eta txikienen gurasoei aholku bat egin die, denon gozamenerako: “Zuen seme/alaba txikiegia bada, eta saioa ez duela jarraituko uste baduzue, mesedez ez ekarri. Iritsiko zaio emanaldiak ikusteko garaia”.