Zapirain Anaiak eta Ibon Zabala bertso paper lehiaketak, martxan
Bi sariketetarako lanak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an egitea da asmoa.
Lau Haizetara Euskaltzaleen Topagunearen barruko Xenpelar Bertso Eskolak martxan jarri ditu jada 2020ko Zapirain Anaiak eta Ibon Zabal bertso paper lehiaketak. Ibon Zabalaren omenezko 22. lehiaketa 16 urtera arteko gazteentzat da; Zapirain Anaien 32.ena, berriz, 17 urtetik gorakoentzat.
Bi lehiaketen kasuan, lanak aurkezteko epea abenduaren 1ean bukatuko da. Partaide guztien ekarpenetako bertsoek berriak izan behar dute, beste inon saritu edo argitaratu gabeak, alegia.
Lanak bidaltzeko bi era daude bi lehiaketetarako:
- Posta arruntez:
- Jatorrizko sorta eta bi kopia gutun azal itxi batean jarri behar dira, kanpoaldea izengoitia jarrita. Barruan, beste zorro txikiagoan: egilearen izena, helbidea eta telefono zenbakia.
- Bertso paperetan ez du egilearen izenak agertu behar.
- Nora bidali? Bi helbide daude:
- Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea. Pablo Iglesias kalea 11, 20100, Errenteria-Orereta.
- Errenteriako Udala, Euskara zerbitzua. Herriko Plaza z/g, 20100, Errenteria-Orereta.
- Posta elektronikoz:
- PDF formatuko bi dokumentu bidali behar dira. Batean bertso sorta bera eta goitizena; bestean, goitizena eta norberareb xehetasunak.
- Nora bidali? Helbide elektroniko honetara (hemen klik egin).
Sariak, epaia eta sari banaketa
Zapirain Anaien lehiaketan lehen saria eramaten duenak 875 euro eta oroigarria jasoko ditu; bigarrenak 500 euro (sariek %20ko atxikipen fiskala dute). Epaimahaiak sariren bat eman gabe utz dezake.
Ibon Zabala sariketan, berriz, irabazleak 250 euro eta oroigarria, eta bigarrenak 150 euroko jasoko dituzte (sariek %20ko atxikipen fiskala dute). Hemen ere, epaimahaiak sariren bat eman gabe utz dezake.
Epaimahaiko kideak antolatzaileek izendatuko dituzte, eta haien erabakia aldaezina izango da. Gainera, saritutako lanen jabetza antolatzaileentzat izango da, eta argitaratzeko eskubide osoa izango du.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da, eta irabazleek, edo haien ordezkoek, egindako bertsoak kantatuko dituzte.