Aniztasuna irudiekin kontatua
Sexu, genero eta identitate aniztasuna agerian, begien aurrean jarrita, begiradak aldatu nahi dituzte, horiek ere, anitz bihurtzeko.
LGTBI+ kolektiboaren errealitatea mahai gainean jartzeko, argitara ateratzeko, gazteen artean sexu, genero eta identitate aniztasunaren gaia sozializatzeko, antolatu zituzten Madelon Sariak 2009an lehenengoz. EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak antolatzen du lehiaketa hori 14 eta 25 urte arteko gazteei begira, eta kolektiboaren errealitatea ikusarazteaz gainera, Santi Vicente Altxu Madelon zena omentzea du helburu. 2006an hil zen Altxu, eta ordura arte LGTBI+ kolektiboaren alde egindako lan eta ibilbide luzea da aitortzen dutena lehiaketarekin.
Lehiaketa horren sei ekitaldietan irabazleak izan diren lanekin liburua argitaratu zuen EHGAMek irailean, LGTBI+ Mahaia eta udalaren laguntzarekin; Madelon sariak. Ipuin sarituen bilduma ilustratua izena du liburuak, eta Txakur Gorria kolektiboak egin ditu ilustrazioak.
Ilustrazio horiek erakusketa batera bildu dituzte orain. Xenpelar Etxeak hartuko du erakusketa hori ostegunetik, abenduaren 5era bitartean, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Osasun larrialdia dela eta, 20 laguneko edukierara mugatu dute aretoa.
Sexu, genero eta identitate aniztasuna agerian, begien aurrean jarrita, begiradak aldatu nahi dituzte, horiek ere, anitz bihurtzeko.