Lezon baheketa masiboa egin dadila eskatu du EH Bilduk
Lezoko sektore arteko mahia osa dadila eskatu du berriz ere Lezoko EH Bilduk, "egoera eta beharrak ezagutuz, erabakiak elkarlanean hartzeko".
COVID-19an Lezok duen tasari erreparatuz, Lezoko EH Bilduk uste du herrian baheketa masiboa egin beharko litzatekeela. Kezkatuta daude herriko egoerarekin. Udal gobernuak Osakidetzari baheketarako eskaera “lehenbailehen” egin behar diola adierazi dute koalizioko kideek, “kutsatze intzidentzia gehiagora joan ez dadin. Asintomatikoak azaleratzea garrantzitsua da”.
Urriaren 20tik 100.000 biztanleko 500eko tasatik gora dago herria, eta astebete pasatxotik 1.000tik aurreragokoa da. Lezo kutsatze komunitario baten aurrean egon daitekeela uste du alderdiak, “kutsatze maila honekin egoera ez dagoela kontrolpean esan daiteke”.
Ildo horretan, Osasun Sailari eskatu dio informazio zuzen eta zehatza eman dezala: kutsatuak non eman diren, adin tarteak…: “Neurri egokiak hartzeko ezinbestekoa da informazio hau guztia izatea”.
Sektore arteko mahaia
Koalizioko ordezkariek berriz ere eskatu dute COVID-19aren garapenari aurre egiteko herriko sektore arteko mahaia osa dadila, eskaera zuzena egin diote gobernu taldeari. Bertako partaide lirateke, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako kideez gain herriko ostalari eta merkatariak, Osasun Etxeko ordezkariak, adinekoak, hezkuntza komunitateko kideak… “Garrantzi handikoa iruditzen zaigu sektore hauekin harreman zuzena izatea, egoeraren jarraipena egiteko, eta herritarren ahalduntzean eta formazioan kolaboratzeko”.
Alderdikideen arabera norberak hartu behar dituen neurriak zehaztea beharrezkoa da. Baina erabakien eraginkortasuna, horiek elkarlanean hartzeko bidean jarri dute. Hala, erabakiek erakunde publikoen laguntza neurriak bidelagun izan behar dituztela ziur adierazi dute EH Bilduko kideek, “era horretan guztian, udalak herritarrongandik gertuen dauden erakundeak izanik, Lezoko Udalak lehen lerroan egon behar duela uste dugu”. Egoera zaila eta gogorra izan arren, herri gisa arituz erantzutea beharrezko ikusi du koalizioak.
EH Bilduren arabera neurri murriztaileagoak ezarriko dituzte laster, “orain arteko neurrien eraginkortasun eza herritarron bizkarrean jarriz, ustez izan dugun arduragabekeriaren aitzakiapean”.