Ia bikoiztu egin da herenegungo COVID-19 positibo kopurua Errenteria-Oreretan

Alde handiarekin positibo gehien Errenteria-Oreretan izan dira azken orduetan baina Oarsoaldeko gainontzeko hiru udalerrien egoerak ere ez du hobera egin; herenegun baino positibo gehiago izan dira atzokoan Pasaian, Oiartzunen eta Lezon.

Beste 45 kutsatu atzeman dituzte azken orduetan Errenteria-Oreretan. Osasun Sailak atzo zabaldu zituen datuekin alderatuta, ia bikoiztu egin da kopurua—herenegungo gauerdira arte 25 ziren hautemandako positiboak—. Alde handiarekin positibo gehien Errenteria-Oreretan izan dira azken orduetan baina Oarsoaldeko gainontzeko hiru udalerrien egoerak ere ez du hobera egin; herenegun baino positibo gehiago izan dira atzokoan Pasaian, Oiartzunen eta Lezon. Oarsoaldean guztira 81 positibo izan dira.

Pasaian COVID-19ak kutsatutako beste  24 pertsona atzeman dituzte; zazpi Oiartzunen eta bost Lezon. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasarik altuena zuen Lezok atzora arte, baina gaurko txostenaren datuen arabera, Pasaia da une honetan tasarik altuena duena; Lezon, hala ere, 1.000-tik gorakoa da oraindik ere, eta atzoko datuekin gora egin du.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 14.668 test egin zituzten atzo—herenegun baia ia 1.000 gutxiago—, eta horietatik 1.461 izan dira positiboak, %10. Egindako proben %43,2 kontaktuagatik izan dira, eta %42 COVID-19arekin bateragarria izan daitekeen sintomatologiarengatik.

Azken orduetan 76 pertsona ospitaleratu dituzte, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, COVID-19arekin gaixotutako 111 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaletako ZIU-etan; 462 daude plantan ospitaleratuta.

Jarraian dagoen koadroan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko atzoko tasak (parentesi artean, astelehenekoak).

  • Lezo: 1.081,61(asteartean 1.048,84).
  • Pasaia: 1.130,99 (asteartean 1.023,28).
  • Errenteria-Orereta: 849,51 (asteartean 777,26).
  • Oiartzun: 772,87  (asteartean 734,23).
  • Gipuzkoako batezbestekoa: 1.031,38 (asteartean 1.007,95).

Osasun Sailaren txostena hemen kontsulta daiteke.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.