Ostalari eta merkatariei diru laguntzak emango dizkie udalak
Errenteriako Udalak 600.000 euro baino gehiago bideratuko ditu, bereziki, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko. Alderdi politiko guztiek bat egin dute neurri berriekin.
Udalak 600.000 euro baino gehiago bideratuko ditu, bereziki, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko. COVID-19aren ondorioz bizi duten egoera zaila dela eta, Udal talde politikoek merkataritzari, ostalaritzari eta beste hainbat kolektibori laguntzeko neurriak aurkeztu dituzte gaur.
Laguntza horiek jarraipena ematen diote udal talde politiko guztiek 2020ko apirilean adostu eta aurkeztutako Talka Planari, eta gaur ere elkarrekin agertu dira horiek komunikatzeko. Lau neurri aurreikusi dira, eta 630.000 euro bideratuko dira horietara:
- Zuzeneko laguntza berriak orain ixteko agindua jaso duen ostalaritza-sektorearentzat: 300.000 euro.
- Bizi Errenteria iniziatibaren barruan erosketa-bonuen kanpaina berria urte amaierara begira: 200.000 euro.
- % 0 intereseko mikrokredituak: mikroenpresek, autonomoek, lehen sektoreko autonomoek, elkarte gastronomikoek, Errenteriako merkatu txikietan jarduten diren saltzaileek eta taxistek 5.000 eurora arteko kredituak eskatu ahal izango dituzte %0 interesean. Laguntza hau dagoeneko eska daiteke.
- COVID-19ak sortutako inbertsio-behar berriei erantzuteko merkataritza eta ostalaritza sektoreei bideratutako diru laguntzak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker, Errenteriako Udalak 84.000 euro bideratuko ditu merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan lokalak eta lan egiteko modua segurtasuneko eta osasuneko irizpide/protokoloetara nahiz bezeroekin eta hornitzaileekin erlazionatzeko modu berrietara egokitzeko. Laguntza hau dagoeneko eska daiteke.
Datozen asteetako bilakaeraren baitan, ikusi beharko da neurri gehiago edo neurri berriak behar ote diren.