Babes soziala eta inbertsio publikoa eskatu ditu Sortuk
Elkarretaratzea egin dute Done Eztebe plazan, 'Non dago diru publikoa? Lehenik herria' lelopean. Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute.
Oiartzungo Sortuk deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, Done Eztebe plazan. Hamarnaka lagun elkartu dira Non dago diru publikoa? Lehenik herria jartzen zuen pankartaren atzean.
Gogorarazi dutenez, milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria (903 heriotzako tasarekin). “Ospitaleak jada kolapsoaren atarian daude, oraindik udazkena eta negu osoa falta direnean”, ohartarazi dute.
Errua herritarrena ez dela nabarmendu dute, “gobernuen arduragabekeriarena” baizik. EAJri egotzi diote “interes eta negozio pribatuak” lehenestea, baita konfinamenduaren arintze fasea “azkarregi” egiteagatik. Horrez gain, behar bezalako inbertsio publikoak ez egitea leporatu diote EAEko erakundeetan nagusi den alderdiari.
“Zerbitzu publikoak jomugan izan dira azken urte luze hauetan: murrizketak, pribatizazioak, inbertsioen jaitsiera, lan baldintzen okertzea… Baina pandemia iristean, zer egin dute? Ezer ez!”, salatu dute.
Emergentzia planak zein pandemiari aurre egitekoak eskatu dituzte, baita ere osasun sistema, hezkuntza, zaintza sektorea eta garraio publiko indartzeko neurriak. Era berean, ostalaritza, kultura, autonomoak eta saltoki txikientzako laguntzak eskatu dituzte.
“Babes soziala eta inbertsio publikoa inoiz baino beharrezkoagoak diren honetan, EAJren apustua bestelakoa da: kaleak poliziaz bete, AHTaren aurrekontua handitu, eta Iberdrola eta Petronorri ehunka milioi bideratu dizkie”, gaitzetsi dute.
“Kapitala versus bizitza”
Covid-19ak sortutako krisian “kapitala eta bizitzaren arteko talka” berriro azaleratu dela iritzi du Sortuk. “Bi eredu kontrajarriren arteko talka da. Kapitalaren mesedetan herritarrak miseriara eta heriotzara kondenatzen dituena, ala bizitzak eta herria erdigunean jarri eta lehenetsiko dituena”.
Osasuna eta bizitza ekonomiaren gainetik lehenesteko eskatu dute, eta eredu neoliberalarekin amaitzeko. Inbertsio publikoen, laguntza sozialen, eta eraldaketa ekonomikoa zein sozialaren alde borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute, baita burujabetzaren alde ere.
“Garai gogorrak datoz. Berriz ere elkar zaindu beharko dugu. Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onenak aktibatzeko garaia da berriro: elkarlana; auzolana eta, interes indibidualen gainetik, interes kolektiboaren alde dena ematea. Hori da esperantzaren atea zabaltzeko giltza”.