Oiartzungo ondarearen webgunean 'saltseatzera' deitu dute
Oiartzungo ondareari buruzko webgunea aurkeztu dute. Ondare material zein ez-materiala katalogatuta agertzen da bertan.
Oiartzungo ondarea bildu eta dibulgatzeko webgunea aurkeztu zuten atzo arratsean. Iosune Cousillas Kultura zinegotziak aurkeztu zuen. Adierazi zuenez, Oiartzunek badu bere kultur ondarea zaintzeko interesa, eta interes horren fruituak zerrendatu zituen: hiru museoak, Mugarri bilduma, Oiartzun urtekaria, argazki zaharren artxiboa…
Hala ere, Oiartzungo Herri Artxiboa proiektua beste hainbat faktore berrik akuilatu zuten: herritarren eskaerak berak, Mikel Mendizabalen artxiboaren digitalizazioak, Arizmendi-enea birmoldatzea…
2018an abiarazi zuten ondarea jaso, sailkatu eta ezagutarazteko egitasmoa, eta herritarrei aurkeztu zieten. Hor sortu zen Ondarearen Mahaia: teknikari bat aritu da urte eta erdiz —”lan ikaragarria egin du”, Cousillasen arabera—, webgunea sortu dute, Eneko Salaberriak egin du logoa…
Inplikatzera animatu dute
“Laster Arizmendi-eneko lanak bukatuko dira. Hori izango da Oiartzungo ondarea gordeko duen euskarri fisikoa, eta webgunea, berriz, digitala”, adierazi zuen Kultura zinegotziak. Kultura materiala jasotzeaz gain, ez-materiala ere inbentariatu dute: bertako dantzak, lanbideak, jolasak…
Jon del Olmo Ogasun zinegotziak webgunearen atalak errepasatu zituen, gainetik. Argitaratutako bideo eta argitalpena jasotzen dituela azaldu zuen, baita ondare izendatutako espazioak eta museoak ere —higiezinen mapa bat dago—. 150-200 fitxa ditu katalogoak.
Gainera, webgunea geldirik ez geratzeko, herritarren inplikazioa eskatu zuten. Erabiltzaile profila egitera animatu zituzten, euren ekarpenak egiteko.
Aitzindariei aitortza
Jarraian, Alex Roteta Ihurritako errotariak bere lekukotza eman zuen. Toki hori ondare bezala izendatuta dago, eta errotaren historiari errepasoa eman zion. Presa, kanala eta antapara XV. mendean eraiki zirela gogorarazi zuen, eta mekanismo hidrauliko horrek funtzionatzen jarraitzen duela nabarmendu.
Ihurrita jauregia 1970eko hamarkadan eraitsi zutela esan zuen, eta errota geratu dela. Herritarrak animatu zituen, dakien jendeari galdetzea berak aitari egin zion moduan: “Altxor hori hor dago”.
Leire Mitxelenak hartu zuen hitza. Ondarearen Mahaiaren talde eragilearen kide da, eta webgunearen egitura txalotu zuen, “saltseatzera” bultzatzen baitu. Horrez gain, argazki zaharren funtseko irudi bat erakutsi zuen: Ixiar Madariaga, Iñaki Arbelaitz eta Nikolax Etxebeste agertzen ziren bertan, argazki kamerekin. “Egungo proiektuaren aitzindariak izan ziren, Oarso Bailarako Ikerketa Elkartea 1980ko hamarkadan martxan jarri zutenean. Haiek toponimia ikertu zuten, ikastolako haurrekin baserriz baserri joan ziren…”.
Ekitaldia bukatzeko, Olarri dantza taldeko bi kide Maider Zabalegiren kanta baten doinura dantzatu ziren, eta hainbat esparrutako ondarea —kirola, musika, meatzaritza…— aztertzen zuen bideo bat jarri zuten.
Era berean, Cousillasek Ondarearen Jardunaldietan parte hartzeko gonbita luzatu zuen. Azaroko asteburu guztietan egingo dituzte jarduerak. Zerrenda guztia ikusteko, hemen klik hemen.