Pasaiako Portuko zamaketariek Bilboko lankideen greba babestu dute
Pasaiako Portuko zamaketariek porturatu berri den barkuaren lanak atzeratu dituzte, Bilboko langileen 24 orduko lanuzteak babesteko.
Bilboko Portuko zamaketariak egiten ari diren grebari elkartasuna adieraziz, Pasaiako Portuko langileek elkarretaratzea burutu dute, gaur goizean, porturatu berri den barkuaren aurrean. Endurance ontziaren lanak atzeratu dituzte bilbotar lankideen aldarrikapenak babesteko.
Bilboko zamaketariak urriaren 9az geroztik ari dira greba egiten, baina atzotik aurrera eta abenduaren 9ra arte, ordea, egun osoko lanuzteak egingo dituzte. 317 langile daude grebara deituta, lan hitzarmen kolektibo berria eskatzeko eta indarrean dagoena salatzeko, atsedenaldiei dagokien atalarengatik, besteak beste.
Bizkaitar hiriburuko portuan ordezkaritza duten sindikatuek patronalaren presioa salatu dute, eta Eusko Jaurlaritzari eta enpresei eskatu diete sektoreko behin-behinekotasunarekin amaitzeko.