Aizpea Otaegi: "Keinu txiki askok, jende askoren bizimodua alda dezakete"
Zaintza sare komunitarioa berraktibatzeko erabakiaz, udalerriak egun bizi duen egoeraz, komunitate bakar gisa jokatzeko beharraz eta herritarrak oro har erakusten ari diren arduraz hitz egin du HITZA-rekin Aizpea Otaegi alkateak.
Errenteriako Udalak zaintza sare komunitarioa berraktibatzea erabaki du, pandemiak bigarren oldarraldian hartu duen dimentsioa ikusita. Lehenengo oldarraldian izan ez ziren kutsatu kopuruak eragin ditu pandemiak Errenteria-Oreretan COVID-19aren bigarren honetan, eta herritar guztien egoerarekin kezka azaldu badu ere, batez ere zaurgarrienak, 65 urtetik gorako herritarrak jarri ditu erdigunean.
Zaintza sare komunitarioa berraktibatzeko erabakiaz, udalerriak egun bizi duen egoeraz, komunitate bakar gisa jokatzeko beharraz eta herritarrak oro har erakusten ari diren arduraz hitz egin du HITZArekin Aizpea Otaegi alkateak.
Zaintza sare komunitarioa berraktibatzea erabaki duzue. Zer dela eta hartu duzue erabaki hori?
Pandemiari aurre egiteko azken asteetan hartu diren neurriek kezkatzen gaituzte ondorioen ikuspegitik, eta garbi dugu hartu diren neurriek eta pandemiak hartu duen dimentsioak gure herrian, gure eskualdean eta lurraldean oro har, —orain arte ezagutu ez ditugun datuetan gaude— eragin bat daukatela biztanle guztiongan. Guztiok ari gara gure bizitzak aldatzen, guztiok ari gara ziurrenik esperimentatzen beldurra, ohi baino bakardade handiagoa. Isolatzen edo harremanak ere murrizten ari gara, eta kezkatzen gaitu oro har biztanleriaren ikuspegitik, baina batez ere, adin batetik gorako herrikideen kasuan, pentsatzen dugulako hor gertatu daitezkeela egoera lazgarrienak. Beldurrik handiena, isolamendurik handiena adin horietan gerta daiteke. Zaintza sareak aurreko alarma egoeran sekulako lana egin zuen hain justu adinekoekin, 65 urtetik gorako pertsonekin. Orduan egindako lana oso garrantzitsua izan zen, balio handikoa, eta pentsatu dugu badela momentua horri heltzeko.
Zein izango da boluntarioen egitekoa?
Zaintza sarearen bidez egin nahi duguna da, adinekoekin, bakardade, isolamendu, beldur handien bizitzen ari diren horiekin harremana berriro berreskuratu, beraiekin aztertu nola bizitzen ari diren egoera berri hau, sostengu emozionalik edo akonpainamendurik behar duten galdetu, eta hala balitz, eskaini. Boluntarioen bidez, gainera, zaurgarritasun handiagoko egoerak identifikatu nahi ditugu, esku hartze profesionala eska dezaketenak, eta horregatik, zaintza sareko boluntarioak estuki eskutik lan egingo du gizarte zerbitzuekin, nahi delako boluntarioek egiten dituzten elkarrizketa guztietatik, zer erauzi daitekeen identifikatu, eta hortik baloratu beste esku hartzeak behar ote diren. Boluntarioen lanak lagunduko digu iritsiko ez litzaizkigukeen egoeren identifikazioa egiten.
Zaintza sare komunitarioa martxan jarri zenutenean martxoan, ikaragarria izan zen erantzuna. Zer suposatzen du komunitatea inplikatzea sortu daitezkeen arazoei erantzuteko, herri aktiboa egitea, finean?
Politika publikoak ez ditugu ulertzen guk herritarren parte hartzerik gabe, eta horrek suposatzen duen herritarren konpromisorik gabe. Halako muturreko egoera batean, aurreko alarma egoeran erantzuna ikaragarria izan zen. Batetik herri bezala egoera zaurgarrienean zeuden pertsonengana iritsi eta haiek eusteko izan genuen ahalmena izan bagenuen, herritarrek izan zuten inplikazio eta konpromiso horrengatik izan zen; 500 boluntariotik gora egin zuten bat sarearekin, eta hori ikaragarria da. Esan nahi dut antolatutako sare horretatik aparte, hainbat eta hainbat herritarrek beraien kasa edo elkarteen bidez, konpromisozko, eta komunitatearekiko oso ardurazko jokaera bat izan zutela. Elkarrekin egin dezakegun lanari sekulako irismena ematen dio horrek eta izugarria da.
Nabarmendu nahiko nuke hori ez dela bat-batean sortzen; hemen gauzak egiteko modu bat daukagu, uste dut udalgintza egiteko modu bat dugula, politikagintza egiteko modu bat, politikak egiteko eta garatzeko modu bat, eta horrek sortzen duela herritartasun berri eta ezberdin bat. Bai instituzioa eta bai herritarrak gure arteko harremanean mugitzen ari gara, etengabe eraikitzen ari da harreman hori, eta azken urteetan egin den bideak ere eraman gaitu baldintza jakin batzuk lantzera. Esango nuke egin den lan horrek guztiak, udalgintza eraiki eta artikulatzeko gai izan garen modu horrek garamatzala gaur egun horrelako erantzun bat eman ahal izatera; udaletik daukaguna bezalako zaintza bat artikulatzera eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa hain handia izatera.
Gorriz markatutako herrien artean dago Errenteria-Orereta, Oarsoaldea guztia bezala. Gaur bertan eman dituzten datuen arabera, 39 positibo izan dira azken orduetan. Zein irakurketa egiten duzu alkate gisa egoeraz?
Kontutan hartuta 500eko intzidentzia tasa eman zitzaigula muturreko larritasunaren erreferentzia gisa, argi dago gure datuak oso altuak direla. Hori esanda, errealitate hori esplizitatuta, esango nuke gure herrian deigarria izan dela pandemiak izan duen intzidentzia prozesu honetan guztian, orain arte bigarren olatu hau iritsi den arte oso-oso ondo eutsi diegu datuei konparatiboki. Gipuzkoako testuingurua ere ezberdina izan da orain arte, hemengo datuak erlatiboki baxuak izan dira hemengo biztanleria kontuan hartuta.
Orain ere, Gipuzkoako errealitatearen barruan intzidentzia tasa baxuenetarikoa daukan herria gara; bagaude udalerri batzuk azkeneko sei-zazpi herrien artean gaudenak, intzidentzia tasa txikieneko multzo horretan; egoera hain larria izanik, hala ere, horrek ez du aparteko arintzerik eragiten, baina zer pentsatu ematen didala aitortu behar dut, nola eutsi diogun hain ondo orain arte, nola izan den posible. Uste dut zerbait nabarmentzekotan herri gisa pandemiarekiko hartzen ari garen ardura, eta erakusten ari garen konpromisoa izan daitekeela hori ulertzeko faktore garrantzitsua. Uste dut herri honetan jendea oso arduratsu jokatzen ari dela, eta komunitate gisa jokatzen ari garen paperak badaukala zerikusia.
Zaurgarrienak aipatu dituzu, eta ezinbestekoa da Jesusen Bihotza adinekoen egoitzari erreparatzea. Lehenengo oldarraldiari eutsi bazion ere, bigarren hau gogor astintzen ari da egoitza hori. Atzo bertan egoiliar bat hil zen, eta 22 kutsatu daude oraintxe bertan.
Irailera arte herrian dauzkagun bi egoitzetan ez da COVID-19aren agerraldirik izan, eta hori, gure herriaren irakurketan oso datu positiboa da. Bagenekien eta ikusten ari ginen zer gertatzen ari zen beste adinekoen egoitzetan, agerraldi bortitzak izaten ari ziren. Bi dauzkagu eta orain arte San Markosenek oso ondo eutsi dio, ez duelako agerraldirik izan egoiliarren artean eta Jesusen Bihotzak bi agerraldi garrantzitsu izan ditu, lehena irailaren erdialdean eta bigarrena orain. Oso lazgarria egiten da erresidentzietako egoera, batez ere agerraldiek izaten dituzten ondorioengatik. Oso-oso gogorra da pentsatzea bere bizitzaren azken etapan dagoen jendea isolatuta daukagula eta isolamendu horren barruan ere familiak ikaragarri sufritzen ari direla, ez daukatelako aukerarik beraien senideekin egoteko. Humanoki eta sozialki bizitzen ari garen egoera muturrenetariko bat da. Bestetik, zer esan erresidentzietako langileei buruz: jasaten ari diren presioa, estresa, lanaldi amaigabeak eta zein ardurarekin bizi dituzten agerraldi hauek. Uste dut elkartasuna adieraztea eta behar dutenerako ondoan gauzkatela esatea baino ez zaigu geratzen.
Harremana estu eta jarraitua dut bi erresidentziekin, eta badakite ondoan gauzkatela gure esku dagoen edozerekin laguntzeko. Oso gogorra da oro har adinekoen egoitzen egoera.
Aurrea hartu zenioten orduan, baita orain ere, eremu zabalagoko erakundeen erantzunari. Udalak zein gaitasun du, zein eskumen pandemiaren testuinguru honetan?
Behin entzun nuen udalak garela erraldoi politikoak eta ipotx instituzionalak. Azkenean gure atera iristen dira herritarrek bizi dituzten kezkak, zailtasun eta ezinegon guztiak, baina egia da gero gure ahalmena erantzuteko arazo horien guztien aurrean mugatua dela eskumenei zein diru baliabideei dagokienez. Bestalde, uste dut gu garela herritarrengandik hurbilen gauden neurrian urgentziaz, eta adibidez, orain pandemiarekin hartzen ari diren neurrien ondorioez kontzienteen garenak, eta oso zaila egiten zaigu ikusten ditugun egoera zaurgarri eta zailen aurrean ezer ez egitea. Instituzioan gaude herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta guztiontzako bizigarriagoa izango den herri bat eraikitzeko, eta oso zaila da ez esku hartzea egoera lazgarri horien aurrean, nahiz jakin batzuetan, zure eskumenez harago ari zarela, eta nahiz jakin baliabideak ere mugatuak direla. Aldi berean, ahal dugun guztia egiteko prest gaude, hain justu, ikusten dugulako zein den egoera lehen pertsonan. Entzuten ditugu beraien testigantzak, eta lehen pertsonan gaude pandemiari aurre egiteko hartzen ari garen neurriek dauzkaten ondorioak jasaten dituztenak entzuten.
Zaintza sare komunitariora itzulita, zein erantzun espero duzue. Martxoko hartan jendeak bazuen itxaropena ateratzeko, uste duzu aldatu dela egoera hori, jendea nekatuagoa dagoela, edo jendeak komunitate kohesioa agerian utzi eta orduan bezain ondo erantzungo du?
Orduko eta oraingo egoerak alde handi bat du, besteak beste, denak etxealdian ginen, eta orain lanean jarraitzen dugu denok, ez bada lana galdu dutenak edo neurriek bereziki eragin dituztenak. Lehenbiziko alarma egoerak indartsu harrapatu gintuen denak, iniziatibez beteta eta erantzuteko prest, energiaz eta indartsu ginen zetorkigunari erantzuteko. Denok dugu neke handia, egoera hau desgaste handikoa izaten ari da, denok ari gara errenuntzia handiak egiten, guztioi aldatu zaigu bizimodua ikaragarri eta egia da horizontea ez dela bereziki itxaropentsua, hau luzerakoa da eta denak gaude ukituta.
Hori hala izanik ere, datu bat emango dut. Atzo arratsaldeko seietan bidali zitzaien mezua aurreko zaintza sarean aritu ziren boluntarioei, berriro ere parte hartu nahi zuten galdetzeko; gaur goizeko zortzietan 100 lagunek dagoeneko erantzuna zuten guk bidalitako mezua, baiezkoa emanez, berriro prest azalduz. Harritu egiten gara herri honek konpromisoz eta arduraz erantzuteko daukan ahalmenarekin, eta pentsatzen dut kopuru horrek gora egingo duela datozen ordu eta egunetan. Berriz ere, harro egoteko moduan izango gara.
65 urtetik gorako herritarrei begira haien egoera aztertuko du udalak boluntarioen bidez. Logistikoki ere lagunduko dituzue, janaria, botikak erosi eta etxera eramaten martxoan egindako moduan?
Egoera horiek ere identifikatu nahi ditugu deiak egiten ditugun heinean, eta horren arabera joango gara artikulatzen neurri berriak edo osagarriak. Erosketen gaia lehen alarma egoeratik hona aldatu da, ezaugarriengatik ezberdina da izan dezakegun aukera. Hala ere, bada artikulatu nahi dugun zerbitzu bat, erosketak etxera eramatekoa, eta kasu honetan Errenkoalderen bidez egin nahi dugu. Errenteriako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartea ari da pentsatzen tokiko merkataritzaren balio erantsi gisa etxerako zerbitzu bat artikulatzea, eta guri egokia iruditzen zaigu Errenkoalde izatea hori egituratzen duena; gu laguntzeko prest izango gara. Pentsatzen dut datozen egunetan hori artikulatzeko moduan izango garela.
Donostiako Ospitaleko farmaziatik medikazio berezia jaso behar duten adineko eta bestelako herritarrak daude, eta hori aurreko alarma egoeran Babes Zibileko boluntarioen bidez bideratu zen. Ziur asko beraiekin egiten jarraituko dugu. Badaude zaintza sarearen barruan, beraz, artikulatzen joango garen beste dispositibo batzuk, kontziente garelako behar bereziak daudela eta martxan jarri beharko ditugula.
Egoera honen aurrean, kutsatze datuak ikusita, zein dei egingo zenieke herritarrei?
Lehenik eta behin pandemiarekin arduratsu jokatzeko, uste dut orain arte arduratsu jokatu dugula oro har, eta horri eustea tokatzen da; baina jendeari esango nioke ere komunitate bat garela berriz ere erakusteko unea dela, eta sarean parte hartu ala ez, antolatuta egon edo ez, denok erakuts ditzakegula konpromisozko jarrerak, eta inoiz baino adiago egon behar dugu gure inguruan gertatzen den horrekin. Keinu txiki askok jende askoren bizimodua alda dezakete, eta hori eskatu nahi diet herritarrei, ingurura begiratzeko, inguruan norbaitek laguntza behar ote duen adi begiratzeko, eta egin ditzakegun keinu txikiak gure bizitzan inkorporatzeko, azkenean hori delako elkar zaintzea eta komunitate gisa egoera hain zail eta konplexuan aurrera egiteko daukagun modu bakarra: erantzunkidetasuna, ardura, eta gure inguruan, batez ere gurekin bizi direnekiko konpromisoa.