Zaintza sare komunitarioa berraktibatuko du udalak
Komunitate gisa erantzun trinkoa emateko gai izan zela Errenteria-Orereta pandemiaren lehen agerraldian ezarritako etxealdian ekarri du gogora alkateak.
Errenteriako Udalak zergen kobratzea berreskuratzen ari da pixkanaka. Boluntarioen sarea martxan jarriko du udalak berriz ere. Hala jakinarazi zuen atzo arratsaldean Aizpea Otaegi alkateak sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean.
COVID-19aren bigarren oldarraldiaren aurrean eta kutsatutakoen kopuruak gora egin duenean, neurri zorrotzak hartu dira pandemia zabaltzea saihesteko. Pandemiaren lehen agerraldian komunitate gisa erantzun trinkoa emateko gai izan zela Errenteria-Orereta gogorarazi du alkateak, “besteak beste, zaintza sarearen barruan elkartu zen boluntario sareari eta boluntario horien bidez egiteko gai izan ginen lanari esker”. Herriko 65 urtetik gorako ia 10.000 bizilagunei telefonoz deitu zieten orduan zer moduz ziren eta zein behar zituzten galdetu, eta erantzun bat emateko.
Ez dute etxealdirik ezarri berriro, baina egungo egoerak beldur handia sentitzea, isolamendura edo bestelako egoera zaurgarrietara eraman ditzakeela herritarrak uste du Otaegik, “batez ere adinekoak”, eta horri aurrea hartu behar zaion zalantzarik ez du. Horregatik, boluntarioen sarea berraktibatzeko garaia heldu dela uste du udalak.
Aurretik boluntario izan zirenei, atzo bertan helarazi zioten mezua posta elektronikoaren bidez, berriro bat egiteko eskatzeko. Boluntario izan ez zirenei, baina orain sare horretan parte hartu nahi dutenei, berriz, udalera deitu edota web orrian sartzeko eskatu diete.
Eskaera zehatza egin du Otaegik: “Egoera oso zaila eta larria delako elkar zaintzeko eta komunitate gisa berriz ere gure onena eman dezagun eskatu nahi dizuet”.
Bakardadea, beldurra eta zaurgarrienak direnei babesa emateko zaintza sare komunitarioa aktibatuko dugu berriz. Eman dezagun denon artean gure onena. pic.twitter.com/2c4eKJQwoX
— Errenteria Herri Bizia (@HerriBizia) November 10, 2020
