'Gutiziak' liburuaren irakurraldi jarraituan parte hartzeko gonbita luzatu dute
Hitzen Lihoa iniziatibaren barruan egingo dute, bigarren aldiz. Azaroaren 27ra arte eska daiteke liburua.
Hitzen Lihoa iniziatiba ari da aurtengo ekitaldia prestatzen. Hizteria kolektiboa proposamena martxan dago, eta beste bat abiarazi nahi dute: irakurraldi jarraitua. Bigarren aldiz egingo dute, iazkoan Zergatik, panpox? askoren artean irakurri ondoren.
Aurtengo gaia sorkuntza kolektiboa izango da. Horregatik, hainbat emakumeren artean osatutako Gutiziak liburua (Txalaparta, 2000) aukeratu dute; bakoitzak narrazio bat sortu zuen libururako.
Irakurraldi jarraitua abenduaren 13an izango da, udaletxeko pleno aretoan, 11:00etan hasita. Ekitaldian parte hartu nahi dutenek hilaren 27ra arte izango dute izena emateko epea. E-posta bidez idatzi beharko dute, parte hartu nahi dutela adieraziz. Hitzen Lihoako kideek erantzungo diote liburuaren zein zati irakurri beharko duen publikoki.