[Erreportajea] Antzinako euskal uretan
Ontzigintza tradizionalaren eta arbasoek itsas zabalean izandako gailentasunaren zurezko gordailua da Albaola. Kultur Faktoria Euskal Herriko itsas historiaren zurezko etxe ere bada.
Estatu Batuetan 1997an hasitako zeharbidea hiru urte geroago porturatu zen Atlantikoaren beste aldean, Pasaian, Ontziola izenez bataiatutako ikerkuntza eta eraikuntza txokoaren sorrerarekin.
Egun Albaola Itsas Kultur Faktoria denak urte luzeko itsas bidaia du atzean; euskal ontzigintzaren gailentasun ezagungabea eta arbasoek ur arreetan barrena eginiko bidaien gordailu da.
Xabier Agotek (Donostia, 1964) ontzigintza ikasi zuen eta Albaolaren sorkuntza «proiektu oso pertsonala» bezala deskribatu du, hark ogibide baino pasio zuelako egurrezko ontzi tradizionalen mundua, eta bereziki arbaso euskaldunek jorratutako bidea.
Lanbidea galtzeko zorian zela jakiteak hura berpizteko grina piztu zion gaztetatik, eta Oarsoaldea Garapen Agentziari eman dizkio eskerrak amets hori egi bilakatzen lagundu izanagatik azken urteetan.
Agotek atzerrira irten behar izan zuen ontzigintza ikasteko, Estatu Batuetara, inguruan halako aukerarik ez baitzen: «Han ikusi nuen beste puntan bazela itsas ondarea bizi-bizirik mantentzen zuen txoko bat, eta errebelazio bat izan zen. Hori izan nuen inspirazio iturri, eta geroago beste hainbat, Frantzia esate baterako, gero gure izaerari eutsita Albaola sortzeko».
Euskal ontziak nazioartean
Hasieran itsas ondarea zaintzeko xedez hasi zena, euskal historia berpizteko bide ere izan zitekeela ikusi zuen Agotek: «Ardatza ezagutzaren transmisioa da, baina ondarearen zaintzarik ez bada atzean, ezinezkoa da hori». Museoaren sorrerarekin konplitu zuen lehen betekizuna, eta Aprendiztegi nazioarteko eskolarekin bigarrena.
«Nazioartekotasuna balio garrantzitsua da», azaldu du Albaolako presidenteak, «euskaldunek itsasontziz urruneko kulturekin bat egin zuten moduan, horri jarraipena eman nahi diogu». Arbasoen itsas historia berreskuratzeko eskola da Aprendiztegi, munduko txoko ezberdinetako ikasleen etxe bilakatu dena gaur egun.
Proiektu horren barne, bada fundatzaileak estimu bereziz aipatzen duen saiakera bat, historian ahaztuta izan diren emakumeak ardatz dituena: «Baztertuta egon dira itsas esparruan, eta ahalegin berezia jarri dugu hori zaintzen». Horregatik aipatzen du, asebete, badirela emakumeak ere ogibide hori ikasten ari direnak Albaolan.
Orobat, Euskal Herriko itsas historia eta euskaldunen ur bidaiak balioesteko metodo berritzailea proposatzen da faktorian. Ahantzi ezinezkoa da arbasoek eskuz eraiki zutena, eta horretarako uretan barrena ibilbidea gidatu nahi du Albaolak.
Lurrez ezin, urez egin
Pasa den urte hasieratik itxita dago sanpedrotarrak faktoriarekin lotzen dituen Ondartxo pasealekua, bertan jazotako luizien ondorioz, eta horrek arazo bikoitza suposatzen du: «Birusa bera baino kaltegarriagoa ari da izaten itxiera, bisitei dagokienez».
Honezkero hasita beharko lukete bidearen konpontze lanek, baina, oraingoz behintzat, museoa barrutik ezagutu nahi dutenak motoran soilik bertaratu ahal izango dira Albaolara.
Ordutegia honakoa da: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara. Aurretik erreserba egin beharko da e-postaz, edota 943 39 24 26 telefono zenbakira deituz.
«Ontzia da, batez ere, pertsona bera eraikitzen ari dena»
Zer da Albaola?
Egitasmo bat da, orain dela 23 urte sortutakoa, helburu izanik Euskal Herriko itsas historia eta ondarea, lantzearen bidez ezagutzera ematea.
Lantzera diodanean, arlo teknologikotik diot, guk Euskal Herriko egurrezko itsasontziak egiten ditugu, garai ezberdinetakoak, beti ikasteko asmoarekin, jakiteko mendeetan zehar euskaldunek nola aurre egin izan dioten itsasoaren erronkei, hori guztiz ahaztuta eta utzita baitzegoen.
Ikusten genuen gure itsas historian daudela herri honen giltzarri handiak, eta horiek formatu berritzailean ezagutzera emateko Albaola sortu genuen.
Euskaldunek gure buruari buruzko ideia guztiz desitxuratua izan dugu, herri pobre bat izan garela eta ezinbestean ardiak zaintzera joan izan behar dugula urrutira.
Hori hala izan da XIX. mendean, baina atzera egiten baldin badugu mendeetan, Euskal Herria izan da Europako itsas herririk aurreratuena.
Zergatik egurra?
Egurrezkoak ez diren itsasontziak sortzeko prozesua bereziki kutsakorra da, eta gero, zahartzarora iristen direnean, ontziak desegitea ere kaltegarria da ingurumenarentzat.
Aldiz, egurrezko itsasontziak bertako zuhaitzekin egiten baldin badira, materialik onena dugu ingurumenari begira. Egurrezko itsasontzi bat zahartzarora heltzen denean bera bakarrik usteltzen da, naturara itzultzen da, ez zaio ezer egin behar; garai batean halako itsasontziak zeudenean oso ohikoa zen ibai bazterretan ikustea txalupak usteltzen.
Horrez gain, nahi dudana da egurra izatea pizgarri gure basoen osasunerako. Aspaldian Euskal Herriko ezaugarri handienetakoa ziren basoak, oso ongi zainduta baitzeuden bereziki itsasontzigintzari begira.
Belaunaldiz belaunaldi pasatzen zen horien zaintza, aitonatik ilobara.
Eraikuntza prozesua luzea da.
Hala da, ontzigintzaren artisau prozesuak denbora hartzen du kalitateko produktu bat egiteko, eta hori duela gutxi arte eguneroko kontua zen, halakoa zen gizartea, ez genituen altzariak Ikean erosten, etxera etortzen zen arotza armairuak egitera. Hori desagertu da.
Egurrezko ontzigintzarekin bat egiten dugu bizimodu batekin, niretzat garrantzitsua dena, balioak dituena atzean.
Nik zortea izan nuen, gaztetxo joan nintzenean Estatu Batuetara, ezagutu nuen bertako lehen eskola fundatu zuena, Lance Lee, horregatik dauka gure eskolak bere izena, omenaldi moduan. Hark esan zidan: ‘Ikasleek uste dute ontzia eraikitzera datozela, baina ontzia da, batez ere, pertsona bera eraikitzen ari dena’.
XVI. mendeko euskal baleontzia eraikitzen ari zarete.
Ontzigintzaren mundu honetan egon daitekeen erronka ederrenetako bati aurre egiten ari gara, San Juan baleontziaren eraikuntzaren atzean historia oso polit bat dagoelako, potoloa, 30 urteko ikerketa behar izan duena.
Unescok berehala ikusi zuen proiektuaren interesa eta horregatik lehen aldia da itsasontzi historiko baten eraikuntzari babesa eman diona. Hori lorpen izugarria izan da.