«Harresia, giza ergelkeriaren monumentu gorena da»
‘El muro’ nobela distopikoa argitaratu berri du Hernandez-Campanok, gizartearen zein estatuen egoismoaz mintzatzeko. 2003tik Valentzian bizi bada ere, errenteriarra sentitzen dela dio, harro.
El muro argitaratu berri duzu. Zertaz hitz egin duzu nobela horretan?
Iraila amaieran argitaratu nuen. Liburuan mundua nora eramaten ari garen salatzen saiatu naiz, errelato distopikoa eginda. Berekoikeriaren metafora da harresia: egoismo instituzionala, estatala, eta norbanakoarena. Harresi erraldoia eraikitzen dute, erasoezina eta suntsiezina, herrialde oso bat mundutik isolatzeko, lana, aberastasuna,ondasunak kentzera inor sar ez dadin. Harresi hori kaiola bihurtzen da, espetxe erraldoia; inork ezin du sartu, baina ezta atera ere. Izaki biziduna da harresia, hazten doana etengabe, eta ura ezinbestekoa du. Lainoak harrapatzen ditu, akuiferoak idortu eta oparoa eta aberatsa zen herrialdea txirotasunera eramango du, lehorte ikaragarria sortuta.
Egia ezkutatuko du lehenik gobernuak, arazoa hurrengo belaunaldiei utzita; egoerarekin kritikoak direnak eta zientifikoak isilaraztea helduko da gero, eta azkenik, oihaneko legea nagusituko da, norbera bizirik ateratzea izango da helburua, horretarako besteak zapaldu behar baditu ere.
Gainbehera doan mundu bat salba dezake maitasunak?
Bai, hala uste dut. Protagonista zientzialari bat da. 50 urteko kontaketan barrena, harresira hurbiltzen doa hura suntsitzeko ahuleziaren baten bila. Bikotea zuen eta hilda dagoen zientzialariari hitz eman zion harresia suntsitzeko bere eskutan zegoen guztia egingo zuela. Maitasun horren seinale, senarraren bufanda darama soinean. Horrekin batera, amak txikitan oparitu zion liburu zaharra. Bi horiek dira, maitasuna eta literatura, burua galdu gabe aurrera egiten lagunduko dutenak, zentzutasunari eta gelditzen den humanitate apurrari eusteko gakoa.
Bi gizonen arteko maitasuna mundu distopiko batean. Identitate eta sexu aniztasuna aldarrikatzen duzu liburu honetan. Zure liburuetan maiz azaltzen duzu aldarri hori.
LGTBI kolektiboaren gaia presente dago ia nire lan guztietan, ardatza da. El viaje de Marcos liburua gaztelaniaz idatzitako LGTBI+ literaturaren erreferentea bilakatu da; Odisea saria irabazi nuen harekin. El Guardian de los secretos, Esclavos del destino eta hainbat errelatoetan azaltzen da, pertsonalki eragiten nauen aldarrikapena izateaz gain, uste dudalako aniztasuna bere zentzu zabalenean aldarrikatzea sorkuntza artistikoaren betebeharra dela. Artea abangoardia da, eta aldarrikatu eta kritikatu behar du, lekuko eta salatzaile izan behar du.
El muro liburuan nabarmendu nahi dut lokatzezko oinak dituzten erraldoiak direla eskubideen konkistak; badira, baina une batetik bestera desagerrarazi ditzakete ez baditugu zaintzen, konkista ahulak direlako, eta belaunaldi asko behar dituztelako jendearen DNAn txertatzeko. Zer esanik ez, gutxitutako kolektiboek irabazitako eskubideak edo ez normatiboenak direnean, hari batetik zintzilik dauden lorpenak dira.
Harresia eta migrazioa presente daude zure eleberrian. Donald Trumpen politikak eraginik izan du?
Hala da bai, eragina izan du. Donald Trumpen harresiaren gaineko marmar etengabeak eraman ninduen, beste faktore batzuen artean, duela urte pare bat eseri eta El muro idazten hastera. Txispa izan zen, nolabait. Esan beharra dago, halere, harresi horren zati bat eraikia dutela jada Trumpen aurretik izan zirenek. Horrekin batera, zer edo zer distopikoa idazteko gogoa gehitu behar dut. Harresia giza ergelkeriaren monumentu gorena da; pertsonak banatzeko dira harresiak. Ingurumenaren aldarrikapena ere egin dut nobelan, planeta etengabe ari gara gaizki tratatzen, ekosistemak suntsitzen, eta horrek azkenean aurpegian egiten dizu eztanda.
Munduan barrena hamaika harresi ditugu, ez bakarrik fisikoak. Onartutako legedia ere hor dago, pertsonak sartzea eragotzi duena. Espainiako Estatuan ere ezagutu dugu krudelkeria Kanariar Uharteetan haurrak gurasoengandik banatu eta espetxe ezberdinetan sartu dituztenean. Geografia eta historia irakasle izan nintzen neurrian badut ezagutza, eta mapa bat begiratzen duen edonork ez du muga artifiziala ez denik aurkituko; Mediterraneoa ur harresi erraldoia da.
Hausnarketa eragitea duzu helburu. Gizarteak hartutako bideak badu irtenbiderik?
Nik uste dut beti dagoela irtenbidea, botoi gorria hor dago gelditzeko, baina aldaketa batzuk gero eta zailagoa izango da lehengoratzea. Udaberrian konfinatu gintuztenean dena gelditu zen, eta bat-batean, aste batzuen buruan loratu zen natura, azaldu ziren animaliak… Tamalez, aldaketetako askok ez dute atzera bueltarik, milaka eta milaka urte beharko dira. Oso espezie egoskorra gara, eta epe laburrekoa; hori erakusten dut liburuan, hurrengo belaunaldiei uzten diete arazoa konpontzeko ardura, guk bitartean kutsatzen jarraituko dugu.
Arlo sozialean beti dago atzera egiterik. Arazo nagusiena eta inork heldu nahi ez duena gainpopulazioarena da; gero eta gehiago gara, baina planeta ez da hazten, gero eta gehiago kontsumitzen dugu eta errekurtsoak ere bukatu egingo dira. Atzera egiterik badago, baina ondorioak gero eta larriagoak dira, eta zenbat eta gehiago itxoin orduan eta zailagoa izango da.
Valentzian bizi zara. Noiz joan zinen eta zergatik?
Maitasunak eraman ninduen hara. Valentziako mutil batekin harremana hasi nuen 2001ean, eta joan-etorrian ibili ginen denbora batez. Harremana jarraitu nahi bagenuen bietako batek bizilekua aldatu behar zuela erabaki genuen; bera lanean zegoen une hartan eta ni ez, beraz, ni joan nintzen 2003an hara. Bertan bizitzen hasi, ezkondu, lan egin eta bertan dugu bizimodua.
Errenteriaren falta sumatzen dut, asko oroitzen naiz.
Harreman estua mantentzen duzu Errenteriarekin, hemen aurkezten dituzu zure liburuak.
Hala da. Nire gurasoak, anai-arrebak, lagunak, bertan bizi dira. Nire bizitzaren 27 urte bertan eman nituen eta han ditut nire bizitza erdiaren sustraiak, kultura eta sentimenduak. Urtero itzultzen naiz. Aurten, tamalez, salbuespena izan daiteke, arduragatik hartutako erabakia da ez joatearena. Ahal dudan guztietan itzultzen naiz familia eta lagunak han ditudalako, eta gainera, ohore handia da nire lanak bertan aurkeztea. Nik beti diot Errenteriakoa naizela, Valentzian bizi den idazle errenteriarra.
16 urterekin idatzi zenuen lehen liburua, eta bide horretan jarraitzen duzu. Noiz erabaki zenuen idatzi nahi zenuela?
Ez zen erabaki kontzientea izan, betidanik izan dut istorioak kontatzeko irrika; hasieran jolas giroan egiten nuen, etxean galtzerdi zaharrekin egindako txotxongiloekin. Idazten ikasteko gogo handia nuen, eta ikasi baino lehen, boligrafoa hartu, eta orria zirriborratzen nuen idazteko jendeak egiten zituen mugimenduak imitatuz, hitzak irtengo ziren esperantzarekin. Idazten hasi nintzen unean istorioak kontatzen hasi nintzen, imajinatzen nuen hura idazten. Ipuin eta kontaketak idatzi nituen lehenik, eta bat-batean istorio luze bat sortu nuen, nire lehen nobela, La aventura mas excitante de los ultimos 10.000 años. 14 urterekin idatzi nuen eta 16rekin argitaratu Kutxa Fundazioarekin. Ilusio handiz bizi izan nuen hura, idazle izan nintekeela sentitu nuelako lehen aldiz.
Betidanik gustatu zait kontatzea, oso obserbatzailea naiz, eta oso kritikoa, eta zalantzarik ez dut osagai horiek egin nautela egun naizena.
Zein da gehien markatu zaituen liburua, idatzi dituzunen artetik bereziena?
Zaila da bat aukeratzea, idatzi dudan bakoitzak izan duelako garrantzi handia nire bizitzaren une ezberdinetan. Bat aukeratzekotan, El viaje de Marcos aipatuko dut, inflexio puntua izan zelako. 1995-1996 urteen artean idatzi nuen, nire homosexualitatea adierazteko beharrak bultzatuta, barrutik erretzen ninduten sentimenduak azaltzeko balio izan zidan. Garai hartan ez zegoen Internetik, zaila zen partekatzea, eta zaila ere beste pertsonengan islatuta ikustea, ez zegoen erreferenterik. Gaur egun, nahikoak ez badira ere, arlo guztietan daude LGTBI kolektiboko kideak, politikan hasi eta komunikabideetaraino, naturaltasun osoz.
Sare sozialek paper garrantzitsua izan dute, asko lagundu dute horretan, baina gorrotoaren eta intolerantziaren bozgorailu ere bihurtu dira. Gorrotoa egon badago, baina lehen gertatzen ez zen zerbait gertatzen da egun, jendeak publikoki salatzen duela. Ez gaituzte geldituko edo isilduko. Idatzi eta urte batzuetara saria irabazi nuen El viaje de Marcos liburuarekin, eta horri esker publikatzen jarraitzeko aukera izan dut, idazten nuena argitaratzen jarraitzeko beta. Ate asko zabaldu dizkit liburu horrek, finean, eta iritsi naizen puntura iristeko aukera eman dit.
Baina oso garrantzitsuak dira niretzako idatzitako beste liburu batzuk ere: El muro-rekin urrats bat aurrera egin dut literatura konprometituagorako bidean; edukia zein forma ez dira hain komertzialak. El Guardian de los secretos 2016an argitaratu nuen, eta asko markatu ninduen, urte asko eman nituelako idatzi nahian. Errepublikari omenaldia egin nahi nion, 1936. urtean lapurtu ziguten errepublikari aitortza egin, zituen printzipioengatik: eskubide estatua, anitza, askatasuna… 1930eko hamarkadan faxismoz betetako Europan ikaragarri berritzailea izan zen, une hartan munduko estatuen artetik konstituzio aurrerakoiena zuen, bozka eskubide unibertsala aitortu zuen, modernitate ikaragarria izan zen. Europako faxismoek zapaldu zuten errepublika. Erregimen totalitario faxista bat, orbita sobietikora gerturatuko zen errepublika bat baino nahiago zuten, garaiko demokrazia liberal deitutakoen laguntzarekin.
Ronroneos antologia ere berezia da, iaz argitaratu nuen. Kontzientzia animalista daukat, eta uste dut gizateriaren iraultza pendientea dela.
Idazle erreferente bat?
Bereziki markatu nau Franz Kafkak. Bere istorio bizi, fantastiko eta absurdoen bidez kritika egiten asmatu zuen gaitz sozialen gainean. Irakurzale amorratua naiz eta batetik eta bestetik hartzen dut zerbait, irakurtzen dudan orotik ikasten dut, autore guztiengandik. Asko markatu nauen liburu bat izan da Ana Maria Matuteren Olvidado Rey Gudu. Zur eta lur utzi ninduen, mundu fantastiko eta magiko baten atzean errealitate asko
eta askoren kritika itzela egin zuelako.
Hori egin nahi dut nik, idazten dudanaren atzean transmititu nahi dudan kritika eta hausnarketa hori irakurleari helarazi; autore, idazle, sortzaile gisa nire idatziei zentzu ematen diena hori da.
Zein proiektu dituzu aurrera begira?
Autore gisa dudan ibilbidean lehenengo aldia da datozen hiru urteetarako proiektu itxiak ditudala. Datorren urterako El viaje de Marcos nobelaren ondorengoa izango den eleberria dut programatuta. Elkarrizketa askotan galdetu izan didate El viaje de Marcos publikatu ondoren, bigarren zatirik izango ote zen, eta nik beti esan dut ezetz, eleberri itxia zela. 25 urte pasa dira idazten hasi nintzenetik, eta gauza asko planteatzea ekarri dit horrek. LGTBI+ kolektiboaren errealitatea asko aldatu bada ere, badira aldatu ez diren errealitate batzuk, baita okerrera egin dutenak ere, eta salatzeko beharra nuen. Horregatik aldatu dut iritziz; kontraesanaren gauzatzea da, finean. Ilusio berezia dut lehenengo liburuaren irakurleek bigarren zati hau nola hartuko duten jakiteko.
2022. urterako, berriz, Sargantana Valentziako argitaletxearekin nobela historiko eta politikoa dut hitzartuta, thriller poliziako-politikoa izango da, Europako herriez, nazionalismoez, mugimendu independentistez, Sardinian kokatuta. LGTBI gaia ukitzen duen errelato liburua amaituta dut, 2023an argitaratzeko. Pozik nago datozen hiru urtetarako argitalpenak lotuta ditudalako; autore gisa nire burua finkatuta ikustea ikaragarria da.