Santa Zezilia eguneko kontzertuak, bertan behera
Ikuskizunak nahi moduan egitea ezinezkoa zelako atzeratzea erabaki dute; hori bai, etenaldiaren ostean, indar berrituta itzuliko direla agindu dute, eta denboraldiko azen hilabeteari bi proposamen berriekin ekitea jarri dute helburu.
Musika Banda Madalen Eguneko kontzertuan. EMKE Musika Bandak bertan behera utzi ditu Santa Zezilia egunaren harira antolatuta zituen bi emanaldiak. COVID-19aren hedapena saihesteko, arduraz hartutako erabakia da musika bandarena arduradunek zehaztu dutenez. Ez da ordea kontzertuen atzerapena eragin duen arrazoi bakarra, entseguak normaltasunez egiteko zailtasunak izan dituzte indarrean jarritako neurriekin: “Santa Zeziliako kontzertuaren kasuan, herriaren 700. urteurrena ospatzeko bereziki konposatutako obraren estreinaldiarekin musikari asko behar ziren”. Bi kontzertuak behar zuten espazio eszenikoa kokatzeko ezintasunak ere izan du pisua erabakia hartzeko garaian.
Ikusleak ere mugatuta daude neurri berriekin. Santa Zezilia egunekoa, kontzertu berezia da herritarrentzat, “ikusmen handia pizten du” eta horrenbestez, ez zaio musika bandari egokia iruditu entzule kopuru hain txikiarentzat egitea, “kontuan hartu behar dugu elkartean 300 bazkidetik gora ditugula”.
Horiek guztiak batuta, ikuskizunak nahi moduan egitea ezinezkoa zelako atzeratzea erabaki dute; hori bai, etenaldiaren ostean, indar berrituta itzuliko direla agindu dute, eta denboraldiko azen hilabeteari bi proposamen berriekin ekitea jarri dute helburu.
Egoera berrira moldatzen trebeak direla, berrasmatzen iaioak, erakutsi du musika bandak: “Argi dugu, kulturak ez duela gelditu behar, bere irudimen eta sormen gaitasun guztia erakutsi behar duela, aurrera jarraitzeko eta garai berrietara eta errealitate berrietara egokitzeko. Abenduan ikusiko dugu berriro elkar”. Queen musika taldearen abesti baten izenburuarekin azaldu dute lanean jarraitzeko konpromisoa The show must go on, Ikuskizunak jarraitu behar du.
